Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren laugarren edizioa irailetik azarora egingo da Bilboko Euskararen Etxean
Irailetik azarora bitarte egingo da Euskararen Etxean Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren laugarren edizioa. Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak.
Aurtengo ekitaldiak lau izango dira. Lehena, urriaren 19an, Idoia Carramiñanak zuzendutako Ahots planeta literatura podcastaren zuzeneko emanaldia izango da. Hirugarren denboraldian zehar aipatuko diren gaien inguruan arituko da aurkezlea, gonbidatu berezi batek lagunduta.
Ainhoa Urien Telletxe eta Nerea Iglesias Liliren Elkarrizketa bat pianoarekin: Zahartzaroa emakumeen euskarazko poesian emanaldia izango da urriaren 26an. Antolatzaileek azaldu dutenez, "zahartzaroa izendatu, balidatu eta hausnartzeko aitzakia bat da ekimen hau. Jolas egiteko ere bai, olgeta ez delako umezaroko kontua bakarrik". Euskal emakume idazleek sortutako hamaika poemen bidez hurreratuko dira zahartzarora, eta pianoa izango dute bidelagun.
Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariek eta Dom Campistron ilustratzaileak Bertsolari bekatorosak saioa egingo dute. Dom Campistronen Bekatorosak lana abiapuntu izanik, bertsotan egingo dute Miren Amurizak eta Ane Labakak. Ilustratzaileak berak egingo ditu gai-jartzaile lanak.
Azkenik, azaroaren 29an, Piszifaktoria Ideien Laborategiak Hau gerra bat da emanaldia eskainiko du. Lau lengoaia artistiko ditu puzzle honek: hitza, musika, dantza eta mugimendua edo antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, dantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztiak josteaz.
Emanaldiak doakoak izango dira eta 19:30etatik aurrera.
Sorkuntzarako laguntza deialdia
Horrekin batera, irailean, euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren hirugarren deialdia abiatuko dutela ere iragarri dute. Laguntzak 3.000 euroko saria bideratuko du 2024ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.
