Hezkuntzan kreatibitatea lantzeak gure garunaren ahalera areagotzen du

Hezkuntzan kreatibitatea lantzeak gure garunaren ahalera areagotzen du Sortzailea izan edo hil. Momentu kritikoetan gizateria planteatu den dilema hori izan da. Kreatibitateak ezezagunak ziren erronkei aurre eginez eta gaindituz honaino iristen lagundu digu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hezkuntzan-kreatibitatea-lantzeak-gure-garunaren-ahalera-areagotzen-du/@@download/image/soe_creativity.png
2020/12/14

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Sortzailea izan edo hil. Momentu kritikoetan gizateria planteatu den dilema hori izan da. Kreatibitateak ezezagunak ziren erronkei aurre eginez eta gaindituz honaino iristen lagundu digu.
Hezkuntzan kreatibitatea lantzeak gure garunaren ahalera areagotzen du

Gure unibertsoaren hasiera (Big Bang-a) materiaren eta energiaren ekintza sortzailea da, etengabe zabaltzen doana eta geroz eta konplexuagoa bilakatzen doan espazio eta denbora. Hori dela eta, gizakiaren egozten dizkiogun dimentsio sortzailearen jatorria zelula bakarreko izakietan dago. Ez gara uste bezain original eta esklusiboak, nahiz eta gizakia izan den kreatibitateaz gehien baliatu den biziduna. 

Egun bidegurutze larrian aurkitzen gara, inoiz ezagutu gabekoan. Hölderlin-ek esan zuen bezala ordea arriskua sortzen den tokian sortzen da salbatuko gaituen hori ere. Modu sortzaile batean datozen erronkak ezagutu eta hauei aurre egiteko gai bagara  jarraituko dugu. Sorkuntzari zor diogu gure bizia eta honek kalitatea, izan maila indibidualean edo kolektiboan. Olrait studiok dion bezala: Sorkuntza da bide bakarra edo beste modu batera esanda: Sorkuntzak salbatuko gaitu. 


Egungo baldintzek mugarri bat ezarri dute 2020 honetan, non gizarteak aldaketa sakonak exijitzen dituen eta kreatibitate dosi handiak, malgutasunarekin batera. Ikerketa zientifikoak, aurrerapen bioteknologikoak, ekonomia berreragitea edo antolakuntza politiko eta sozial berrien sorkuntza, berrikuntza, adorea eta eskuzabaltasuna eskatzen du urte honetatik aurrera datorren aroak. Hau guztia lortzeko, oinarrian hezkuntza zinez garrantzitsua da. Hezkuntza prozesuak ordea munduaren dinamikaren baitan daude epe labur eta luzera. Beraz, ezinbestekoa da hezkuntzaren erdigunean kreatibitatea ezartzea, etorkizunera begira gizakiek egoera berriei aurre egiteko tresna gehiago izan ditzaten. 

Heztea gure adimena elikatzea da, eta prozesu horretan gaude jaiotzen garenetik gure bizitzaren azken uneraino. Hezkuntza berri honen oinarriak hauek behar lukete adituen ustez: pentsamendu kritikoa, komunikazioa, kolaborazioa eta kreatibitatea.

Azken hau ezinbestekoa dela diote aldaketak jasan eta hauei erantzunez gure buruak berrasmatuz oreka mentala mantentzeko. Sorkuntza arterako, zientziarako, elkarrekintza sozialetarako, baina batez ere, etengabe sortu eta birsortzen garenez, gure bizitzarekin aurrera jarraitzeko da. 

Sorkuntza ordea, uste dena baino konplexuagoa da: dimentsio eta elementu asko ditu, eta hamaika aukera ezberdin. Kreatibitate artistikoa dugu alde batetik, baina baita kreatibitate zientifikoa ere, eta kontsumoaren munduan publizistek ere kreatibo titulua bereganatu dute. Gizakien sorkuntza baliabideen zati handi bat gure garunen kontrolera bideratuak daude mundu batean, non edukitzea izatea baino garrantzitsuagoa den. 

Honen aurrean hezkuntza berri baten beharra dago. Izan ere, Kant-ek esan zuen bezala gizakia hezkuntzak berarekin egiten duena da. Honek lagunduko baitigu sorkuntza modu egokian erabiltzen. Hori bai, sorkuntza bere horretan ez da panazea bat, eta ondorio positibo zein negatiboak eduki ditzake. Horregatik da beraz hain garrantzitsua hezkuntza egoki bat eta kreatibitatea eskutik helduta joatea etorkizuneko erronka geroz eta zailagoei aurre egiteko.