Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa jarri du martxan Euskalgintzaren Kontseiluak

Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa jarri du martxan Euskalgintzaren Kontseiluak Urriaren 15era arte sinatu ahal izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 urtetik gorako herritarrek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hezkuntzak-euskara-gehiago-behar-duela-aldarrikatzeko-sinadura-bilketa-jarri-du-martxan-euskalgintzaren-kontseiluak/@@download/image/Z32A3705-1536x1024.jpg
2023/09/14

Irudia: Kontseilua

Urriaren 15era arte sinatu ahal izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 urtetik gorako herritarrek.
Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa jarri du martxan Euskalgintzaren Kontseiluak

Ikasturte berriarekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidak izango dira Eusko Legebiltzarrean eta, testuinguru honetan, lege horrek euskara gehiago izan dezan bermatu nahi duen sinadura bilketa abiatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. "Euskarak hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua" izan behar duela nabarmendu dute, eta horretarako "errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak" ezarri beharko direla, "betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea" izanik oinarria.

"Hezkuntza sistema funtsezko elementua da gutxitutako hizkuntza baten normalizazio prozesuan: transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa. Euskararen normalizazio prozesua, berriz, ezinbesteko osagaia da milaka herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen hasteaz gain, gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko. Laburbilduz, euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko", azaldu dute.

Hizkuntzarekin batera, euskal kulturgintzaren transmisioa bermatzea ere "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute, "gizarte-kohesiorako elementua baita".

Adierazpena eta sinadura bilketa
Iazko abenduaren 3an hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 200 aditu eta profesional baino gehiagok babestutako Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz adierazpena plazaratu zuten. Orain,berriz, sinadura bilketa jarri dute martxan eta Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkuntza-eragileek eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek ere bat egin dute egitasmoarekin. 

Sinadura bilketaren bidez, honako hiru puntuak lege berrian jasotzea eskatuko da: euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma, eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Sinadura bilketa urriaren 15era arte izango da martxan eta 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sina dezakete www.euskaragehiago.eus webgunean edo herrietan jarriko diren mahaietan. Epea amaitzean, sinadura kopuru osoaren berri emango zaie hedabideei, Eusko Legebiltzarreko kideei eta bertako talde politikoetako arduradunei.

Bestetik, sinadurak presentzialki jasotzeko prest dauden boluntarioei mahaiak antolatzeko eta kanpaina egiteko gonbita luzatu die Kontseiluak. Baliabide eta material guztiak www.euskaragehiago.eus webgunean topa daitezke.