Herri Urrats maiatzaren 8an itzuliko da Senperera

Osasun larrialdia tarteko azken bi edizioak bertan behera utzi ondoren, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko Herri Urrats jaia maiatzaren 8an egingo dute Senpereko lakuan, Itzulera lelopean. Iaz jaia antolatzerik izan ez zuten arren, 30 Herri Urrats txiki antolatu ziren eta kolegioa eraikitzeko Boga kanpaina abiatu zuten. Kanpainarekin finkatutako erronka bete eta 300.000 euro baino gehiago lortu dituzte Senperen ikastetxea eraikitzeko.
Aurtengo 39. Herri Urratsek ikasleak omenduko ditu, "pandemia garaian ikasturte gogorrak bizi izan ondoren, haiek direlako ikastolen bestaren protagonistak". Edizio honetako kantua, berriz, Pello Reparaz buru duen Zetak taldeak egingo du, eta udaberrian kaleratuko dutela jakinarazi dute. Horretaz gain, edizioaren irudia eta leloa sortzeko lehiaketa sustatu dute Seaskako ikasleen artean eta 235 proposamen jaso dituzte. Horien artean, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko Amaia Ampo ikaslearen proposamena gailendu da. 1987 eta 2003ko edizioetan bezala, zapatila batzuk agertzen dira logoan. "Diseinu berri batekin, baina beti prest urratsak emateko euskararen alde", azaldu du Intza Bidart Herri Urrats elkarteko arduradunak.
Zenbait ekintza ere iragarri dituzte Herri Urratsen hitzorduaren aurretik. 0tsailaren 4an, 18:30ean, Donibane Lohizuneko Le Select zinema-gelak EITBko Go!azen telesailaren azken atala emango du, telebistako emanaldia baino egun bat lehenago. Aktoreak ere bertan izango dira. Sarrerak Herri Urratsen webgunean eskura daitezke. Martxoaren 13an, berriz, Hitzetik Urratsera bertso-saioa antolatu dute Senpereko Larreko gelan, 16.00etan. Miren Artetxe Xilabako txapeldunordea eta Odei Barroso hirugarren sailkatua, Saioa Alkaiza Nafarroako txapelduna, Eneko Lazkoz Nafarroako txapeldunordea, Nerea Ibarzabal Bizkaiko txapelduna eta Jone Uria txapeldunordea arituko dira bertsotan. Sarrerak hemen eros daitezke.
Giza-katea Baionan
Brebetaren afera ere dela eta, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko giza-katea antolatuko du Seaskak Baionan, otsailaren 4an. Ekimena 16.30ean izango da, Baionako tren geltokitik suprefeturaraino.