Heriotzaren itzalpean

Thomas Miller 58 urteko beltza da eta duela hamalau urte heriotz zigorra ezarri zioten, ustez hotel bateko langilea hil zuelako. Geroztik, Texasko espetxe batean dago eta orain arte, zigorra hamar alditan atzeratu diote.
Thomas Millerren aurkako epaiketa ez zen behar bezala egin. Hilketa gertatu zenean poliziek Thomas larri zauritu zuten balaz eta epaiketa egin zenean oso gaixo zegoen.
Horregatik, ofizio abokatuek arazo handiak izan zituzten berarekin hitz egiteko eta ez zioten epaile aurrean deklaratzen utzi. Ildo beretik, hilketaren lekuko bakarrak kontraesanak izan zituen. Aipatzekoa da, bestalde, 12 mahaikideetatik bakarra zela beltza. Thomasen emazte Dorothyri ere hil arteko kartzela zigorra ezarri zioten, senarraren kontra deklaratu ez zuelako. Dorothyren zigorra bertan behera geratu den arren, epaileek ez dute atzera egin senarraren kasuan. Thomasek beti esan du errugabea dela.
Thomas Millerrena adibide bat besterik ez da, bera bezala, 3.500 preso inguru heriotzaren zain baitaude EEBBetako espetxeetan. Heriotz zigorrari buruzko eztabaida berpizten ari da berriro ere herrialde horretan.
Kontuan hartzekoa da azaroaren 7an hauteskundeak egitekoak direla eta Alderdi Errepublikarreko presidentegaia George Bush dela, Texasko gobernadore eta heriotz zigorraren aldeko porrokatua. EEBBek heriotz zigorrari eustea askotan izaten da eztabaigai. Beharbada, herrialde horrek bere burua askatasunaren eredutzat duelako. Kontuan hartu behar da, gainera, Nazio Batuen Erakundeko estatu guztiek adin txikikoei heriotz zigorra ez ezartzeko konpromisoa hartu zutela, baina hala ere, bik ez zutela erabakiarekin bat egin: Somalia eta EEBB. Hala eta guztiz ere, heriotz zigorra mundu osoko arazoa da. Amnesty International erakundeak dioenez, heriotz zigorra 90 estatutan da legezkoa, Txile, Errusia, Ukrania edota Japonia, tartean. AI-k bildutako datuen arabera, duela bi urte 1.625 exekuzio egin ziren mundu osoan. "Dena den, askoz gehiago izan ziren, estatuek ez baitute exekuzio guztien berri ematen", dio Elena Biain Amnesty International erakundeko Donostiako taldeko kideak. Elenaren esanetan, Txina da exekuzio gehien egiten duen estatua: "gainerako guztiek batera baino gehiago". Aulki elektrikoa, gas kamara, urkatzea, fusilatzea, harrikatzea, lepoa moztea... Hamaika exekuzio bide erabiltzen dute estatuek. Afganistanen 1998an bost gizon harresi baten aurrean jarri eta harresia lurrera bota zuten; gizonak harri azpian harrapatuta geratu ziren, baina haietako bi ez ziren hurrengo egunera arte hil. Exekutatzeko modu batzuk "samurragoak" direla esan ohi da, injekzioa, esaterako. AIk dioenez, ordea, exekuzio hauek luzatu egiten direla askotan. Duela bi urte Guatemalan indiar jatorriko nekazari bat hil zuten injekzioa jarrita; agintariek minutu erdian hilko zela esan zuten, baina presoak 18 minutu pasa zituen hilzorian.
Heriotz zigorrari dagokionez, zein da Euskal Herriko egoera juridikoa? Hego Euskal Herrian Espainiako Konstituzioak eutsi egiten dio heriotz zigorrari gerra kasuetan. Hala ere, 1995ean zigorra kode militarretik kendu zuten, eta beraz, AIk dio legez ez dagoela indarrean. Ipar Euskal Herrian, 1981ean ezabatu zuten heriotz zigorra Frantziako legeetatik.
Heriotz zigorraren aurkako jarrera indartzen ari da munduan. "Azken hamarkadotan, gutxi-gora-behera, urtero estatu batek bertan behera utzi du heriotz zigorra", adierazi digu Elena Biainek. EEBBetan, ordea, ez dago aldaketa handirik, ez legerian, ezta gizartearen iritzian ere: "ez dut uste gero eta jende gehiago dagoenik heriotz zigorraren aurka; kontrakoa gertatzen ari da agian, hau da aldekoak ugaritzen ari direla".
Heriotz zigorra EEBBn: Zenbaki gorriak

Iaz 98 preso hil zituzten, heriotz zigorra ezarrita. Azken 49 urteotako kopururik altuena izan zen.
Aurten 68 preso hil dituzte orain arte.
Texas estatua da heriotz zigor gehien jartzen duena. Aurten, orain arte, 34 lagun hil dituzte estatu horretan.
Gaur egun 3.500 lagun daude heriotzaren zain kartzelan. Horietatik 75 adin txikikoak dira, gazteak.
Arrazakeriaren mamua
Nolako arraza, halako zigorra. EEBBetan arau honek indar handia omen du. Izan ere, harrigarria da heriotzera zigortutakoen ia erdia beltza izatea. Afroamerikarrak EEBBetako populazioaren %12 besterik ez diren arren, heriotz zigorra jasotakoen artean %43 dira. Bestalde, hainbat elkartek diotenez, hildakoa zuria bada, askoz aukera gehiago dago hiltzaileari heriotz zigorra ezartzeko. EEBBetan bortizkeriaz hildako zuri eta beltz kopuruak berdintsuak dira. Hala ere, 1977tik exekutatuko presoen %82ri ustez zuriak hil izanagatik ezarri zitzaion heriotz zigorra.
Mumia kasua

Mumia Abu Jamal kazetaria da, ekintzaile politikoa eta Pantera Beltzetako kide ohia. Duela hemezortzi urtetik hona espetxean dago, heriotzaren zain, ustez 1981ean Philadelfiako polizi zuri bat hil zuelako. Epaiketa, aldiz, ez zen behar bezala egin. Besteak beste, ez ziren alderatu poliziaren gorpuan aurkitutako balak Mumiaren pistolakoekin. Pantera Beltzetako kide izateak ere eragin zuzena izan omen zuen epaian. Eta are okerrago, urte guztiotan Mumia errugabetzat jotzeko nahikoa froga mahai gainean jarri den arren, epaileek heriotz zigorrari eutsi diote.
Philadelfia hirian poliziak ustez egindako 1.200 tratu txar aztertzeko daude. Horrez gain, 300 bat epai atzera bota dira, poliziak itxuraldatu egin zituelako aurkeztutako frogak. Hiri honetan epaitu zuten Mumia, EEBBetako beltzen aldeko borrokalaria.
Harrigarriena, hala ere, Mumia errugabetzen duten frogak behin eta berriro kontuan ez hartzea da. Epaiketan bertan lau lekukok adierazi zutenez Mumia ez beste gizon bat ikusi zuten tiroketa gertatutako lekutik aldentzen. Duela lau urte Veronica Jonesek epaile aurrean esan zuen poliziak behartu zuela Mumiaren kontrako epaiketan gezurra esatera. Gauza bera esan zuen Pamela Jenkins prostituta ohiak.
Frogak froga, Mumia Abu Jamal kartzelan dago. Heriotz zigorra bertan behera uztea eskatu da askotan, baina epaileek muzin egin diete eskaerei. Bien bitartean, Mumiaren osasunak okerrera egin du.