Henry Cavill: Altzairuzko zalduna

Henry Cavill: Altzairuzko zalduna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/henry-cavill-altzairuzko-zalduna/@@download/image/henry_cavill_1367585743.jpg
2013/05/06
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Henry Cavill: Altzairuzko zalduna
"Hollywoodeko aktorerik zoritxarrekoena". Horixe Henry Cavill deskribatzeko Empire aldizkariak 2006an esana. Hala ote? Baliteke.


Casino Royale (2006) filmeko Bond berria izateko azken frogetara arte iritsi zen, baina gazteegia zela iritzi zuten ekoizleek, eta Daniel Craig aukeratu. Altzairuzko gizona berriz arrakastara eraman behar zuen Superman Returns (2006) filmerako Clark Kent egokiena ere izendatu zuten, baina Brandon Routhek jantzi zuen kapa gorria. Eta Twillight saga arrakastatsuaren idazle Stephenie Meyerren hitzetan, Edward Cullen gorpuzteko pertsona perfektua zen, baina Robert Pattinson bilakatu da munduko banpirorik miretsiena. Bad luck.

Aurretik hainbat filmetan parte hartutakoa zen Cavill, The Count of Monte Cristoren 2002ko moldaketan, adibidez. Galai ingeles itxura horrekin, garaiko filmetan zaldun papera ezin egokiago doakio, eta hala, Tristan e Isolde (2006) kondaira zeltiarrean Melot izan zen, Tristanen lagunik onena. Telesailen garaiotan, baina, ezagutzera eman zuena The Tudors izan zen; Charles Brandon Suffolkeko lehen duke gisa gogoratuko dute zaleek. Protagonista nagusia izateko, aldiz, mitologiaren aldeko hautua egin zuen estetika eta efektu bereziz jantzitako Immortals (2011) irregularrean. Zaldun izatetik heroi izatera, Atenas zaharreko Poseidon jainkoaren seme Teseo.

Zalduna, heroia, jainkoa... Meteoritoa, hegazkina, txoria... Esan dugu 2006an zoritxarrekoa izan zela Krypyoneko heroiaren jantzia Brandon Routhek kendu ziola eta. Zoritxarrekoa benetan? Film hark emandakoa eta Routhen karrera ikusita, agian zorionekoa? Gerora etorri denari erreparatuta, zalantzarik gabe. Supermanek izango zuen beste aukera bat, arrakasta ziurtatuko luketen baliabideak lituzkeena. Batman gorenera igo duen Christopher Nolan ekoizle gisa, David S. Goyer gidoilari eta zinera eraman ezin zitezkeen 300 (2007) eta Watchmen (2009) komikiak maisutasunez moldatu zituen Zack Snyder zuzendariaren eskutik dator altzairuzko gizonak behar zuen filma: Man of Steel, Henry Cavill-ek gorpuztua.

Nortasun Agiria


Izena: Henry William Dalgleish Cavill.
Jaioteguna: 1983-05-05.
Jaiolekua: Jersey (Ingalaterra).
Ezizena: Hank.
Neska-laguna: Gina Carano borrokalari eta aktorea.
Film gustukoena: Gladiator (Ridley Scott, 2000).
Aktore kuttuna: Russell Crowe.
Kirola: Errugbia.
Maite du: Egiptologia.