Henning Mankell: Arrakasta eta konpromisoa

Henning Mankell: Arrakasta eta konpromisoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/henning-mankell-arrakasta-eta-konpromisoa/@@download/image/henning_mankell_1371209486.jpg
2010/07/02
erreportajea
Henning Mankell: Arrakasta eta konpromisoa
Stieg Larsson iritsi baino lehenago ere, eleberri beltzak irakurle sutsuak zituen Suedian, eta bazen hainbat hizkuntzatan milaka eta milaka ale saltzen zituen idazlerik ere. Henning Mankell, esaterako.


Stockholmen 1948an jaiotako idazleak Kurt Wallander inspektorearen inguruko eleberri beltzekin lortu zuen arrakasta. 1991n argitaratu zuen lehenengoa, Aurpegirik gabeko hiltzaileak, eta gerora heldu ziren Rigako zakurrak (1992) edota Bosgarren emakumea (1996) bezalakoak. Guztira, dozena bat liburuk osatzen dute Wallanderren inguruko bilduma.

Afrikan bizitzearen eta kontinente hartan emakume izatearen zailtasunak islatzen dituen trilogia ere osatu zuen Suaren sekretua, Suarekin jolasean eta Suaren haserrea nobelekin. Afrikak liluratu egiten du Mankell, eta herrialde aberatsenek kontinente harekiko duten jarrerak, berriz, sumindu, Ni hilko naiz, baina nire memoriak bizirik iraungo du entseguan nabarmentzen duen moduan. Afrikan kokatu izan ditu gazteentzat idatzitako Haurrentzako komedia eta beste zenbait liburu ere. Haur literaturan ere, zehazki, hainbat lan argitaratu izan ditu, eta Munduaren amaierara bidaia izeneko liburuan ditu guztiak bilduta.

Gaur egun Mozambikeko Teatro Nazionalaren zuzendaria dena, ordea, azken asteotan nazioarteko politika kontuengatik agertu da hedabideetan, literatura kontuengatik baino gehiago. Izan ere, Gazaren blokeoa salatzeko elkartasun itsasontzietan heldu nahi izan zuen Mankellek Palestinara. Israelek erasotu eta hainbat ekintzaile hil zituen Mavi Marmara itsasontzian zihoan, zehazki. Israelgo armadak “bahitu, inkomunikatu eta ordu luzez galdekatu” zuenean, soldadu batek bere liburuak oso gustukoak zituela esan zion. Egun haietan idatzi zuen egunerokoan irakur daitekeenez, asko haserretu zuen horrek Mankell, eta orduan hasi zen bere liburuak hebraierara gehiago itzul ez daitezen baimenak aztertzen. Ez da nolanahiko aitzakia laster euskaraz irakurri nahi dugula aldarrikatzeko.

Bibliografia hautatua


• Aurpegirik gabeko hiltzaileak (Mördare utan ansikte, 1991)
• Rigako zakurrak (Hundarna i Riga, 1992)
• Lehoi zuria (Den vita lejoninnan, 1993)
• Gizon irribarretsua (Mannen som log, 1994)
• Pista faltsua (Villospår, 1995)
• Bosgarren emakumea (Den femte kvinnan, 1996)
• Piramidea (Pyramiden, 1999).
• Italiar zapatak (Italienska skor, 2006)
• Haizearen semea (Kinesen, 2008)