Hendaian eta Pasaian literatura sorkuntza egonaldiak egiteko deialdia zabaldu dute

Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak idazleentzako egonaldiak antolatu dituzte Hendaian eta Pasai Donibanen.
Aurten Hendaian bizi izandako Pierre Loti idazle ospetsuaren heriotzaren mendeurrena ospatzen da. Euskal Herriarekin lotutako zenbait testu eta liburu idatzi zituen Lotik. Idazle hau omentze aldera, deialdia Pierre Lotiren pertsonaiaren ingurukoa izango da, eta harekin loturiko gai bat edo gehiago jorratu beharko dira: bidaiak, munduaren esplorazioa, exotismoa...
Deialdia euskaraz idazten duen orori zuzendua dago eta generoa librea da: ipuina, eleberri laburra, poesia, komikia, antzerkia, bertsoa, alegia, erran zaharra…
Egonaldiak urritik abendura bitarte izango dira, hilabete batez Abbadia Eremuko Nekatoenea etxean eta beste hilabete batez Pasai Donibanen kokatuta dagoen Hugoenea etxean. Autoreak 3 000 euroko dirulaguntza izango du.
Hautagaiek ekainaren 10era arteko epea dute proposamenak helarazteko. Hemen kontsulta daitezke xehetasunak.