Heleta, herria zuzenean

Heleta, herria zuzenean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/heleta-herria-zuzenean/@@download/image/20125316001ehz__1360610038.jpg
2012/06/01
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena, Argazkiak: EHZ
Mugak, arauak eta bazterketak gaindituz, herria eraikitzearekin batera bere burua eraiki nahi du Euskal Herria Zuzenean Musika Festibalak. Eta lortzen ari da. Badator hamazazpigarrena.

Lehen urratsak 1992an egin zituzten, Euskal Herriko ikusgarrigintzan oinarritutako laguntza eta trukaketa plataforma bilakatzeko asmoz. 1996an antolatu zuten lehen festibala, eta gaur, Euskal Herriko musika jaialdirik osoenetakoa da. Aurtengoa ekainaren 29an hasiko da eta, azken urteetako ohitura onak ez galtzeko, hiru egunez 60 emanaldi izango dira Baxe Nafarroko Heleta herrian.

Gaztea koxkortuz doa. Antolakuntzak hamazazpigarren edizioaren prestakuntza lanak abian ditu dagoeneko, hilabete bukaeran milaka lagunek izango duten hitzorduak behar duen guztia eduki dezan. Urtetik urtera hobetuz doa, hedatuz, osatuz eta borobilduz. Gurean erreferente bilakatu da, zalantzarik gabe, eta aurten ere EHZek badu zer eskaini.

Bizitokia hirutan aldatu du. Lehendabiziko zortzi edizioak –1996tik 2003ra– Arrosan izan ziren, hurrengo bortzak –2003tik 2008ra– Idauze-Mendin, eta 2009az geroztik Heletak besarkatzen ditu uda hasieran bertaratzen diren milaka lagunak. Hamazazpi urteko ibilbide honetan, baina, gauzak anitz aldatu dira. Guztiaren gainetik, hori bai, oinarria berbera da eta EHZ Elkarteak egitasmoa sortu zenean onartu zituen ezaugarriak orraztuz herri bat eraiki nahi du, festibalak iraun bitarteko hiru egun horietan loratzen den herria.

Elkartasuna, gizarte kritika eta justizia aldarrikapena

Denborak aurrera egin ahala, hasierako baloreak ahantzi gabe, antolatzaileek hedatu egin dute ekimenaren aldarrikapen esparrua. Festibal militantea baita EHZ, irabazi interesak baztertu eta euskal lurralde osoan erreferentzia bihurtzeko lanean tinko diharduen jaialdia. Finean, euskal hizkuntza, kultura eta nortasunaren sustapena du printzipio nagusi, baina haratago ere badoa. Eskubide zibil eta politikoen defentsa, oinarrizko giza eskubideen nahiz justizia sozialaren aldarrikapena, ingurumenaren babesa, eta kontra-kulturaren goraipamena egiten du. Antolatzaileek argi dute egitasmoa abiarazi zuten elementuek bere horretan jarraitzen dutela, festibalaren zimenduetan, eta erronkak, bete ez ezik, gainditu egin direla, urterik urte kartelak erakarritako zale kopurua eta boluntarioen partaidetza handituz doa eta.

Izan ere, hau ez da musika jaialdi hutsa, eta urte guztian zehar 700 bat laguneko lan taldeak sostengatzen du izaera militante horren muina. Boluntarioak dira lehengai, eta aurtengo edizioan ere, azpimarratzekoa da egindako lana.

Oinarrian, hamabortz kidedun administrazio kontseilua eta koordinazio orokorra ahalbidetzen duten bi langile jarduten dira modu iraunkorrean. Hala ere, jaialdiak ez luke etorkizunik izanen uda iristearekin batera, prestakuntza ahalbidetzeko, gerturatzen diren 600 lagunen partaidetzarik gabe. 60 laguneko hamalau komisiotan multzokatzen dira eta, horrela, guztien artean hiru eguneko jaialdia jartzen dute martxan.


Iparra eta Hegoa bateratuz

Euskal Herri osoko festibala dela azpimarratu izan dute behin baino gehiagotan, nahiz eta aurtengoan inoiz baino ozenagoa den mezua, Iparraldearen eta Hegoldearen artean maizegi ageri diren mugak gainditzeko, bertzeak bertze.
Urtean zeharreko ekitaldien artean azpimarragarriena euskal musikaren harrobia elikatu eta ezagutarazteko helburua duen Euskal Herria Zuzenean Musika Lehiaketa da, dudarik gabe. Aurten, formatu berria ezagutu du, finalerdia Iparraldean izan ordez, Donostiara eraman baitute, muga hauste eta bateratasun hori irudikatzeko asmoz. Iparraldeko herrietatik gerturatzeko, gainera, autobusak ere antolatu zituzten estreinakoz. Finala mugaren beste aldera eraman zuten, ordea, Miarritzeko Atabal Aretora, hain justu. Bide batez, gogoratuko dugu Pasai Donibaneko Anai-Arrebak taldeak irabazi duela lehiaketa eta, sari gisa, Heletan joko dutela.

Sei eszenatoki, sorkuntza amaigabea


Ekainaren 29an abiatuko da jaialdia, eta uztailaren 1era bitarte luzatuko da. Gibelherri, Urbeltzeta, Antxartea, Plaza, Itsasoa eta Erregelu eremuak nagusituko dira Heletan, baina kale animazioak ez du hutsik eginen. Musikak bakarrik ez, antzerkiak eta dantzak ere indar berezia bereganatu dute, gainera, aurtengo edizioan.

Ekainak 29, ostirala
Cobra, Gojira, Danakil, Public Enemy, We Are Standard, Islaia, Anai Arrebak, Miyavi, Matxura, Moï Moï, If Renauld Was a Punk, Bilau, Elektrotxaranga, Mobydick, Debekatuta dago oroitzea dokumentala eta Presoak Zuzenean gaualdia.

Ekainak 30, larunbata
17 Hippies, Youssoupha, Esne Beltza, Sepultura, The Bloody Beetroots DJ Set, Sleeppers, Lisabö, The Moorings, South Central, Rap Topagunea, Docteur Troll, Orkresta, SOS Dance, La Focdamn, Dantzaz taldea, Prana, Balsamo, Miren Gaztañaga, Josune Monton, Orchestra Chakaraka eta sexualitateari buruzko mahaingurua.

Uztailak 1, igandea
The Abyssinians, Bebe, Su Ta Gar, Raggasonic, Laket, Vendetta, HK & Les Saltimbanks, IPK Prod, Docteur Troll, Prana, Balsamo, Kukai dantza taldea, Artzain Xakur Txapelketa, Xentimorik gabe eta Behelaino antzezlanak, Elkarteen Herrixka, Zikiroa eta Lipduba.