Hego haizea

Hego haizea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hego-haizea/@@download/image/20122132543jose_1360829465.jpg
2012/01/06
erreportajea
Joseba del Valle. EusFac-eko kidea
Askotan, gauzek jendeak uste duen kontrako bidetik jotzen dute. Joan den hilabetean, Euskal Herri osoko Kalamu Klubak dardarka zebiltzan polizia Bilboko Pannagh Elkartean sartu ostean.

Hogei egun geroago, Eusko Jaurlaritzak, agerpen publiko batean, klub hauen bitartez kalamua erregularizatzera joko zuela adierazi zuen. Ezagutzen ez dituztenentzat: Kalamu Klubak irabazi asmorik gabeko elkarteak dira. Kalamua erabiltzen duten pertsonek osatzen dituzte eta asoziazio legeen babesean dihardute. Bazkideen artean, erabiltzaile terapeutikoak eta ludikoak daude, guztion kontsumitzeko eskubideak defendatzen baitituzte. Urteekin eta beti ere elkarteen helburu sozialak erdieste aldera, zabalduz joan da Kalamu Klub hauen ekintza esparrua.  Hala, besteak beste, kalamua ekoizten duten laborantza kolektiboak agertu dira. Bazkideen kontsumorako soilik ekoizten dute eta eurek beraiek lantzen dute lurra. Den-denak dira adin nagusikoak eta elkartean sartu aurretik, dagoeneko, baziren kalamu kontsumitzaileak. Beste asko gaixoak dira, eta zientifikoki frogatua dute pairatzen duten gaitz horren aurka eraginkorra izan daitekeela kalamua.

Elkarte hauek zortzi urte daramatzate Euskal Herri osoan zerbitzu publikoa eskaintzen.

Baina euren jardunaren erregularizazioan hutsuneak nabari dituzte oraindik. Alde batetik, Europako beste herrialde askotan ez bezala, espainiar estatuan oraindik ez dagoelako zehaztuta zenbat landare eduki ditzakeen pertsona bakoitzak, ezta noraino hel daitekeen laborantza kolektiboa ere. Bestalde, klubek ere ez dute araudi zehatzik, nahiz eta beti izan dituzten epaiak aldeko.

Egun batean gauza bat, bestean beste hori… beti esan izan da Euskal Herrian komunikazio falta nabarmena dagoela, eta erakundeak hori hala dela pentsatzeko arrazoiak ematen ari zaizkigu gero eta gehiago. Orain ikusi behar zein izango den hurrengo pausoa. Klubek hasitako bide sozial horretan sakontzen segitzea mundu mailako berria izan liteke. Baina badakigu nolakoak diren gauzak pertsona batzuen buruetan hego haizeak gogor jotzen badu…