Hegaldien kontroletan maletako likidoekin buruhausteak izaten badituzu, albiste hau gustatuko zaizu

Eskuko maletan sartu beharreko likido kopurua neurtzeko eta egokitzeko komerietan ibiltzen bazara, horientzako poltsa gardenen bila txoratzen bazara edota kontroletan hura erakusteko geratu izan bazaituzte, ziur asko poztu egingo zara Europar Batasunak hartu duen erabakiarekin. 2026tik aurrera ez dute likido kopurua 100 mililitrotara mugatuko eta ez dituzu likidoak eta ordenagailu eramangarria edo bestelako gailu elektronikoak aparte eraman edo erakutsi beharko.
Bereizmen handiko 3D irudiak sortzen dituzten eskanerrak erabiltzen hasiko dira pixkanaka aireportuetan eta horri esker zehaztasun handiagoz hautemango dituzte substantzia arriskutsuak, maletak ireki edo eduki likidoa hainbeste murriztu beharrik gabe. Horrekin batera, kontrolak azkarrago igarotzea espero dute eta baita bidaiarien jendaurreko pribatutasuna hobeto zaintzea ere.
Eskanerrek adimen artifizialeko algoritmoak izango dituzte objektuak ezagutu eta mehatxuak automatikoki detetatzeko. Horrek akatsak murriztu eta eraginkortasuna hobetuko omen du.
Neurri honekin, maletan eraman ahal izango den likido kopurua bi litro artekoa izango omen da eta ez omen da maletatik atera beharko, eta ezta gailu elektronikoak aparte erakutsi beharko ere.
Zenbait tokitan eskaner hauek badiren arren, kontu teknikoak zirela eta, Europako Batzordeak joan den udan behin-behineko murrizketa ezarri zien likidoak detektatzeko sistema berriei, eta 100 ml-ko arauari eutsi zion. Harrezkero, irtenbide tekniko egokiak garatzeko lanean aritu dira.
Aireportu guztiak ez dute eskaner mota berri hau, ohiko sistemak baino garestiagoak baitira. Hori dela eta, 2026ra arteko tartea izango dute aireportuek sistema ezartzeko. Gaur gaurkoz, Erroman eta Milanen omen daude, eta Alemanian, Irlandan, Lituanian, Maltan, Suedian eta Herbehereetan ere laster izango omen dira erabilgarri.