Hedoi Etxarteren 'Sortaldekoak' emanaldia eskainiko dute Iruñean igandean
Karrikiri Elkarteak Sortaldekoak kontzertu-errezitaldia antolatu du, martxoaren 20an, 12:30ean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Hedoi Etxartek Sortaldekoak (Susa) poema liburua argitaratu zuen joan den udazkenean. 64 poemek osatzen duten liburuan memoria pertsonala, eguneroko bizitza, iragan intimoa eta familia-genealogia lantzen dira. Liburuarekin batera, Zerua eta sua, Usozaleak, Audi A4 zuria eta Merced karrikatik gatoz ikus-entzunezkoak landu ditu beste lagun batzuekin elkarlanean, besteak beste, Ion Celestino, Moises Berdonces, Xabier Erkizia, Arriguri kolektiboa, Amaia Espinosa eta Xabier Apesteguirekin. Lan hori abiapuntu hartuta osatu dute zortzi lagunez osatutako ikuskizuna.

Hedoi Etxarte Moreno (Iruñea, 1986) euskal idazlea eta biolin-jotzailea da. Biolinean lizentziaduna da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Itzulpengintza eta Interpretazioan Euskal Herriko Unibertsitatean. Iruñeko Katakrak liburu dendako kidea da eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea. Sortaldekoak liburuaren aurretik, beste bi poema liburu plazaratu ditu Susa argitaletxearekin; 2008an, Suzko lilia, eta 2012an, Sinplistak. Bestalde, Alain M. Urrutiarekin Ihes ederra nobela grafikoa egin zuen. 2014an Wagner auziaz saiakera filosofikoa argitaratu zuen Richard Wagner musikagileari buruz; Robert Wangermee, Catherine Clement, Slavoj Zizek eta Alain Badiou pentsalariek idatzitako testuak euskaratu eta berak idatzitako hitzaurrearekin.

