Heavya bihotzean

Heavya bihotzean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/heavya-bihotzean/@@download/image/latzen_ikor_kot_1361531932.jpg
2013/03/04
erreportajea
Heavy metalaz maiteminduta zeuden eskolako lau lagun lokalera sartu ziren 1993ko uztailean lehen aldiz, eta ‘zuk zeuk egin’ leloa jarraiki, Latzen taldea sortu zuten.


Hemezortzi urte inguru zituzten garai hartan Gorka Lazkano, Iker Martinez de Zuazo, Joxe Mari Azpitarte eta Aitor Uriarte oñatiarrek, eta aparra bezala egin zuten gora lehen maketarekin Euskal Herriko musika zerrendetan. Euskadi Gaztea-ko Entzuleen Saria eta Egin Txotx! lehiaketa ere irabazi zituzten. "Naturaltasunez bizi genuen hura, Latzen dena baitzen guretzat".

Kontzientzia ala Infernua lana 1996an irten zen kalera. "Disko heavy batek, borobila izateko, balada bat behar du ezinbestean". Hala, Ikerrek aspaldi egindako abesti bat akordez apaindu, Aitorren bizipenetan oinarritutako hitzak jarri eta denen artean Laztana izeneko abestia sortu zuten, gaur egun, oraindik ere, euskal kantarik erromantikoenetakoa dena.

1999an, bi disko kalean zituztela eta hirugarrena grabatzera Lekeitiora bidean zihoazela, taldea desegitea erabaki zuten. Baina zortzi urte geroago, barruan geratu zitzaien arantzatxoa ateratzeko bildu ziren berriz ere, eta hamabost kontzertuko bira egin zuten Euskal Herrian. "Latzenek merezi zuen bukaera eman genion".

... eta gaur


Zertan zabiltzate orain?
Ni –Iker Mtnez. de Zuazo– Malenkonia eta GAS taldeetako lagunekin sortutako Bitz proiektu berria martxan jartzen ari naiz, eta Aitor, aldiz, azken urteetan UNE taldean aritu ostean, Sen berpizten dabil orain, hamabost urte geroago; Latzen-en antzera, oraindik badute zer eskainia, eta izango duzue haien berri.

Garai hartako zein oroitzapen duzue gogoan?

Dugun sentsazioa da bizitza asko bizi izan genuela, ahalik eta gehien gozatzen saiatu ginela. Eta noski, kontzerturen bat aipatu beharko bagenu, Kontzientzia ala infernua diskoa kaleratu ostean, 1997ko Bilboko festetan Gas plazan emandakoa aipatuko genuke: milaka lagun gurekin batera abesten… malkotan amaitu genuen! Brutala izan zen.

Euskal heavy metala belarri guztientzako entzungarri egin zenuten… Zein da sekretua?
Guk geuk ere ez dakigu sekretua zein den, halakorik baldin badago, baina egiten genuen horretan itsu-itsuan sinesten genuen.

Arestian aipatu dugun ‘Laztana’ kantua, eskatzen al dizuete oraindik?

Ez, normalean ez, baina nonbait entzuten dugunean garai hartako bizipenak etortzen zaizkigu burura, anekdotak…

Etorkizunean berriz ere elkartzeko asmoa duzue, elkarlanean proiekturik egitekoa?
Auskalo! Baina epe laburrean ez behintzat.