Haziak hezten, maiatzaren 20an Iruñean

Haziak hezten, maiatzaren 20an Iruñean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haziak-hezten-maiatzaren-20an-irunean/@@download/image/2012537188iritz_1360706797.jpg
2012/05/04
erreportajea
Aitziber Mtz. de Lagos, Sortzen-Ikasbatuazeko koordinatzaile orokorra
Haziak hezten, maiatzaren 20an Iruñean
Badator, urtero bezala, Sortzen-Ikasbatuazen jaia. XVII. edizio honek Haziak hezten, 1512tik euskal curriculuma landuz haziak hezten darama lelo gisa, eta maiatzaren 20an izango da Iruñeko Takonera lorategian. Aurtengoan, Berriozar herria eta elkarteko kide dugun Mendialdea ikastetxea ari dira antolakuntza lanetan.

Gure herriak 500 urte bortxaz konkistaturik betetzen dituen honetan, antolatzen ari garen jaiarekin urtemuga honen oroimenari eta 1512-2012 dinamikari gure ekarpentxoa egin nahi diogu.

Herri baten nortasunaren zutabe garrantzitsua da hizkuntza, baina nekez mantenduko dugu etxea zutik historiaren oinarririk gabe. Defendatu eta egunerokoan eraikitzen saiatzen gabiltzan Euskal Eskola Publiko Berri horrek hori du oinarri, hain zuzen: eskola euskalduna, hizkuntzaz nahiz edukiz; euskal edukietan hazi eta heztea inoiz baino garrantzitsuagoa baita gure herriaren asimilazio saiakerari Euskal Curriculumarekin erantzunez. Izan ere, 500 urte eta gero, konkistak bere horretan dirau irakaskuntza eremuan ere.

Guk geure hezkuntza sistema behar dugu, euskaraz biziko den eskola nahi dugu,  herritik eta herriarentzat eraikitakoa, euskal kulturaren transmisioa bermatuko duena, pedagogia berritzaileduna, parekidea eta eskola komunitate osoaren partehartze demokratikoa sustatuko duena.

Herrian parte hartzen duen eskola eta eskolan parte hartzen duen herria eraikitzera goaz, eta bide horretan Euskal Herriko euskaltzale eta herritar guztion ekarpena ezinbestekoa da. Lana jai giroan ere egin daitekeelako, aldarrikapena jai giroan ere egin daitekeelako, maiatzaren 20ko jaia izan dadila guztion indarrak batzeko bilgunea!

Halaxe dio Marea taldeak aurtengo festarako prestatutako kantak: Hazia hasi da, ari da, ernetzen ari da; herria da lurra; euskara, bizia...