'Hazia' musikala izango da bihar Bilboko Arriaga antzokian

'Hazia' musikala izango da bihar Bilboko Arriaga antzokian Kooperatiben eredua sortu zuen Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren inguruko ikuskizuna da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hazia-musikala-izango-da-bihar-bilboko-arriaga-antzokian/@@download/image/hazia-musikala-3.jpg
2022/09/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kooperatiben eredua sortu zuen Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren inguruko ikuskizuna da.
'Hazia' musikala izango da bihar Bilboko Arriaga antzokian

Gontzal Mendibilek idatzi eta zuzendutako Hazia musikala ikusi ahal izango da bihar, 19:30ean, Arriaga antzokian. Honela definitu dute emanaldiaren nondik norakoa: "Amets bat eraiki zuen gizon baten bizitza irudikatzeko abestiak, istorioak eta eszenak. Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren, eta orainaldirako eta etorkizunerako baliozko irakaspenen laburpena da. Ikuskizun musikala, gizakiari izena eman dion kimu berri eta protagonistaren esanahi gisa hasten da".

Arrasateko kooperatiben eredua sortu eta bultzatu zuen Arizmendiarrieta aurkezten du, beraz, obrak. 1936ko gerraren garaitik, 1941ean enpresaren susperraldira eta Arrasatera iritsi zeneko proiekzio unibertsalaren arteko ibilbidea egiten du. Gertakari eta egoera errealetan oinarrituta dago, eta koreografia eta musikaren laguntzaz eszenaratzen dute. Horretaz gain, irudien eta ilustrazioen bidez ere egiten dute kontakizuna. 

"Ametsen eraikitzaile eta gure etorkizunaren bultzatzaile izan zen gizon ekintzailearen bizitza eta egintza dugu ikusgai. Sustrai batetik, ahots batetik, bizitza batetik eta leku zehatz batetik sortzen diren istorioak kontatuak, abestuak, eszenaratuak. Garai zail baina oso anekdotikoan. Hazia musikalak erantzun zuzenak eskaintzen dizkio ikusleari hunkimena sorraraziz", azaldu dute.

Musikalak 130 minutuko iraupena du, eta ordu laurdeneko atsedena egiten da. Sarrerak hemen eskura daitezke.