Hawaiik ez du turistarik nahi

Hawaiik ez du turistarik nahi Covid-aren geldialdiaren ondoren, turismo industria berriz ez hastearen alde bozkatu du Hawaiiko biztanleriaren %62ak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hawaiik-ez-du-turistarik-nahi/@@download/image/hawaii-1200_opt.jpg
2021/01/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Covid-aren geldialdiaren ondoren, turismo industria berriz ez hastearen alde bozkatu du Hawaiiko biztanleriaren %62ak.
Hawaiik ez du turistarik nahi

2020an gauza ugari bota ditugu faltan, ez ordea turismoaren masifikazioa. Munduko hainbat hiri, Donostia tartean, koronabirusaren aurretik udan hiri jasangaitz bihurtzen ziren hurbiltzen ziren milaka turistengatik. Bada Euskal Herritik kanpo, mundu mailan ere, kostaldeko herrietan edo leku turistikoetan egoera antzekoa da, Everest bera jendez gainezka egoteraino! Irtenbiderik ez zuen gatazka zirudien.

Orain turismorik gabe bizitzea zer den probatu dugu, eta askok ez dute lehengoko eredura itzuli nahi. Hawaii da horren adibiderik garbiena. Urtero bertara 10 milioi turista hurbiltzen ziren, bertako biztanleak baino turista gehiago hain justu, milioi batekoa baita euren biztanleria kopurua. Egoera muturrekoa zen bertakoentzat, non euren irla eta hiriak turismora soilik zeuden bideratuak. Bertakoak bigarren maila batean geratzen ziren eta agintariei hori salatzen zieten. 

Pasa den azaroan, biztanleriaren gogo aldartea nola zegoen zehazteko, bertako gobernuak hutsune turistikoa nola bizi zuten galdetu nahi izan zieten. Galdetegia pasa zitzaien erdiak baino gehiagok ez zuten turistak itzultzea nahi. %62ak argi adierazi zuten turismoa modu ziurrean berriz ere itzultzea ezinezkoa zela eta gainera ez zela nahi.