Hawaiiek marrazoen arrantza debekatu du
Bioaniztasuna kontserbatzeko helburuz, Hawaii, marrazoen arrantza debekatzen duen Estatu Batuetako lehen estatua bilakatu da. Izan ere, Hawaii, zerbaitetan aberats baldin bada, bere naturaren aniztasunean da. Bere lurrak bakarrak dira munduan, Ozeano Bareko isolamendutik sortu eta eboluzionatu baitute. Gainera uharte bolkanikoak dira. Hori dela eta, bertako baldintzak errepika ezinak dira, eta noski, baita bertako espezieak ere.
Biodibertsitatea ez dago, ordea, bere lurretan soilik, baita bere uretan ere. Hawaiiko ur gardenek 400 espezietik gora arrain dituzte eta 40 mota marrazo behatu litezke. Alabaina, munduko beste eskualde askotan bezala, ehiza eta arrantza, espezie hauentzat mehatxu larria dira, asko desagertze arriskuan daudelarik.
Hau guztiagatik, Hawaiik lege bat sortu du, marrazoen arrantza debekatuz bere itsas lurraldean. 2022ko urtarrilaren 1etik debekatua dago marrazoak harrapatu edo hiltzea. Lege berria jada indarrean dago eta marrazo espezie guztientzat aplikatzen da, beti ere Hawaiiko uretan baldin badaude.
Arrantzaleei abisua pasa zaie, marrazoak egon ohi diren guneetatik aldentzeko, batez ere kumeak egon ohi diren lekuetatik. Arantzarik gabeko amuak erabiltzeko ere esan zaie eta ohartarazi debekua hausten duenak 500-10.000 dolar bitarteko isuna izango duela. Horretaz gain, harrapatu dituen aleak konfiskatu zaizkio, itsas merkataritzako lizentzia kenduko zaio, eta baita itsasontzia, zein arrantzarako materiala ere.
Lege berriarekin batera argitaratu den testu ofizialak honela dio: "Oso kontziente gara marrazoak gure itsas ekosistema osasuntsu mantentzeko duten rolaz. Duten garrantzia aitortzen dugu, baita Hawaiiko praktika eta sinesmen kulturaletan ere".
Hawaiiko uretan dauden marrazorik ohikoenak, maizen behatu daitezkeenak, marrazo grisak, mailu-buruko marrazoak eta marrazo tigreak dira. Marrazo zuria ere inguru horretan bizi omen da, nahiz eta oso zaila den itsasertzetan behatzea.
Marrazoak sekulako garrantzia dute, harrapakari nagusiak baitira, eta itsasoko ekosistemaren oreka mantentzen laguntzen baitute. Kate trofikotik hauek desagertuko balira, marrazoen azpitik dauden hainbat espezieren kopurua hazi egingo litzateke, kaos natural bat sortuz. Marrazoei esker, zeharbidez, koralezko uharriak eta itsas algak ere egoera onean mantentzen dira.

