Haurrentzako jarduerak egingo dituzte Iruñeko San Bartolome gotorlekuan

Haurrei zuzenduriko euskarazko bost jarduera prestatu dituzte datozen egunetarako San Bartolome gotorlekuan. Bihar eta hilaren 30ean bi lantegi egingo dituzte. Lehena, pinturarena izango da, 5 eta 9 urte arteko umeentzat. Iruñea eta bere historia modu grafikoan irudikatu beharko dute, kartoi meheak, irudi-orriak eta koloretako margoak erabiliz. Bigarrena, "Eraiki zure harresia" lelopean egingo dute, eta buztina, zura, puxtarriak eta sokak erabilita, mihiseak, atariak edo bastioiak irudikatu beharko dituzte. Saio txiki bat jasoko dute aurrez, gotorlekuetako txokoen argazki eta bideoak ikusi eta harresiak nola eraikitzen ziren jakiteko. Bi jarduerak arratsaldeko seietan izango dira, doan.
Horrez gain, bi pista-jolas ere egingo dituzte. Bata, ostegunean izango da, 12:00etan, Donejakue bideari buruzkoa. 7 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendua dago, eta gotorlekuaren kanpoaldean egingo da. Bestea, "Dorrea aurkitu’" izenekoa izango da, eta parte hartzen dutenek gotorlekuaren barruan defentsagune horren maketa aurkitu beharko dute, garaiko soldadu batek haurrei emango dizkien arrastoen bitartez.
Hilaren 27an, berriz, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentrora bisitatuko dute. Lau kasernetan barna ibiliko dira eta hiriko harresiei, inguru horretan lan egiten zuten pertsonaiei, armamentuari eta gotorleku moderno baten setio moduei buruzko informazioa jasoko dute. Bisitek ordubete inguruko iraupena izango dute. Oroigarri gisa, photocallean egindako argazki bat eramaten ahalko dute parte-hartzaileek.
Interpretazio Zentroaren sarreran dagoen Donejakue bideari buruzko tamaina handiko Antzara-jokoan parte hartzeko leku guztiak bete direla jakinarazi du udalak, baina taulak, irudiak eta dadoak libreki erabil daitezkeela.
Aurrez aipatutako jardueretan parte hartzeko izena eman behar da webgunearen bidez, edo lekua erreserbatu Turismo Bulegoko makina automatikoan. Lantegiak doakoak dira, eta pista-jolasek eta bisita gidatuak hiru euroko kostua dute. Bisita doan izango da hamabi urtetik beherakoentzat. Haurrek heldu batek lagunduta egon beharko dute.