Haurrentzako antzerki testuak sortzeko lehiaketa abian da Iruñean

Haurrentzako antzerki testuak sortzeko lehiaketa abian da Iruñean Hiru testu aurkeztu daitezke gehienez eta uztailaren 4rako bidali behar dira lanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haurrentzako-antzerki-testuak-sortzeko-lehiaketa-abian-da-irunean/@@download/image/teatro-niños.png
2022/05/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hiru testu aurkeztu daitezke gehienez eta uztailaren 4rako bidali behar dira lanak.
Haurrentzako antzerki testuak sortzeko lehiaketa abian da Iruñean

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako Haurrendako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketa martxan da. Euskarazko eta gaztelaniazko lanak aurkez daitezke, eta 2.500 euroko sari bakarra izango da modalitate bakoitzean. Horretaz gain, irabazleek euren lana taularatzeko aukera izango dute.

18 urtetik gorakoek har dezakete parte eta egile bakoitzak, gehienez, hiru testu aurkeztu ahal izango ditu. Testuak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta ezin izango da testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezingo da aurkeztu beste lehiaketetan saritutako obrarik, eta ezta konpainia batek estreinatutakorik ere. 

Lanak aurkezteko epea uztailaren 4an, 12:00etan, amaituko da. Testuak posta elektronikoz bidali beharko dira  biblioteca@laescueladeteatro.com helbidera, obra eta bestelako datuak bereizita. Oinarriak hemen kontsulta daitezke osorik. 

Epaimahaiak honako ezaugarriak izango ditu kontuan aukeratzeko orduan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Saritutako lana Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko da, urtebetez, hura argitaratu edota antzezteko. Epaimahaiaren epaia irailaren lehen astean jakinaraziko da.

Aurreko edizioan 123 lan
Iazko edizioan 123 antzezlan jaso ziren, bost euskarazkoak eta gainerakoak gaztelaniaz. Euskarazkoan Pablo Barrioren Dzist-Dzast lana izan zen garaile, eta Jose Luis Baños de Cosen El niño que se escondía dentro de una caja de galletas gaztelaniaz. Biak taularatu dira Nafarroako Antzerki Eskolan.