Haurren eta nerabeen aurkako indarkeria matxistaren inguruko jardunaldia egingo dute Donostian
Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldiaren seigarren edizioa antolatu du, batik bat haurrekin eta nerabeekin lanean edo harremanetan dauden eragileei zuzendua.
Jardunaldiaren bidez indarkeria matxista motak aztertuko dituzte eta baita ondorioak ere. "Gure jendartean, haur eta nerabeek jasaten duten indarkeria nabarmena da. Indarkeria beti existitu da, baina azken urteotan gai honen inguruko ikerketek eta argitalpenek lagundu egin dute arazoaren inguruko informazio gehiago izaten eta ikusarazten. Indarkeria matxistak modu psikologikoan, fisikoan eta sexualean gauzatzen dira; hala nola, bullying-a, sareen bidezko jazarpena eta baita haur eta nerabeen aurkako indarkeria/abusu sexuala ere".
Haur eta nerabeen aurkako indarkeriari aurre egiteko marko juridikoa landuko dute eta, batez ere haurrenganako eta nerabeenganako sexu-abusuan jarriko dute arreta, berau antzematen eta erantzun egokiena bideratzen.
Jardunaldia doakoa izango da baina aldez aurretik eman behar da izena, urriaren 16ra bitarte. Gazteriako webgunean edo esteka honen bidez egin daiteke.

