Haur literaturako Mikel Zarate sarirako deialdia egin dute

Haur literaturako Mikel Zarate sarirako deialdia egin dute Martxoaren 1etik maiatzaren 31ra aurkeztu ahalko dira idazlanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haur-literaturako-mikel-zarate-sarirako-deialdia-egin-dute/@@download/image/3e64714b-c097-4dc9-a1f1-a6a1387fc1ec.jpeg
2023/01/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Martxoaren 1etik maiatzaren 31ra aurkeztu ahalko dira idazlanak.
Haur literaturako Mikel Zarate sarirako deialdia egin dute

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketaren XIII. edizioa antolatu dute. 

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, sei eta hamabi urte bitartekoentzat, euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak, aurretik saririk jaso ez dutenak eta argitaratu ez direnak.

Hemezortzi urtetik aurrerakoek har dezakete parte eta lanek gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 izan beharko dituzte. 

Lanak aurkezteko lehen eguna martxoaren 1a izango da eta azkena maiatzaren 31. Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu gabe, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia. Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira: Lezamako Udala. Mikel Zarate Saria. Aretxalde, 1. 48196. Lezama.

Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Maribel Aiertzak osatuko dute epaimahaia. 3.000 euroko saria bakarra emango da. Horrez gain, Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez lagunduta. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.