Haur eta gaztetxoentzako euskarazko 'Makusi' plataforma digitala sortu dute

Haur eta gaztetxoentzako euskarazko 'Makusi' plataforma digitala sortu dute Marrazki bizidunak, telesailak, filmak... ikus daitezke sortu berri den atarian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haur-eta-gaztetxoentzako-euskarazko-makusi-plataforma-digitala-sortu-dute/@@download/image/makusi.png
2024/04/29
Marrazki bizidunak, telesailak, filmak... ikus daitezke sortu berri den atarian.
Haur eta gaztetxoentzako euskarazko 'Makusi' plataforma digitala sortu dute

EITBk haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma digitala sortu du: Makusi. Sortzaileek azaldu dutenez, askotariko ikus-entzunezko eskaintza du: marrazki bizidunen eta telesailen 100 izenburu baino gehiago; 5.800 atal; 120 pelikula… 1.700 ordutik gorako edukia dago bertan ikusgai. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskaintzen dira, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakusten du. 

Hiru saio propio ere estreinatu dituzte plataforma berrian: Potx eta Lotx, txikienentzako pailazoen programa; Kalaxka, Aritz Mendiolak eta Anepe Acedok aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta Power Up, euskaraz sortutako fikzioa, bideojokoen mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena. Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte dira protagonistak.

Edukiak ikusteko erregistratu egin behar da webgunean, mugikor eta tabletetan instala daitekeen aplikazioan edota EITBko HbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Laster SmartTV telebistetan ere eskuragarri izango dela aurreratu dute (Samsung eta LG markako telebistetan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast eginda.

Makusi kluba
Umeeentzako Makusi kluba ere jarri dute martxan eta hainbat abantaila izango dira bertan: zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, erabiltzaile-txartel digitala… Doakoa da kide egitea.