Haur eta gazteei zuzendutako hiru film izango dira Giza Eskubideen 20. Zinemaldian
Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, Donostiako ikastetxeetako ikasleek euskarazko hiru film izango dituzte aukeran: Yoko oporretan, Trash eta Gabi. Aurten, gainera, aurrez aurreko proekzioak berreskuratuko dira saio guztietan. Antzoki Zaharrean izango dira emanaldiak, apirilaren 20tik 28ra, goizeko hamarretan.
Filmeen gai nagusiak honako hauek izango dira: jolasteko eskubidea, birziklatzea, zaborren kudeaketa, ingurumena eta genero identitatea.
Lau eta zazpi urte arteko haurrek Yoko oporretan (61 min) filmaz gozatu ahalko dute. Udako oporretan kokatzen da istorioa eta lau gau banandu egingo dira elkar ezagutu zutenetik lehen aldiz. Izan ere, Mai, Oto eta Vik bidaian joango dira, bakoitza bere familiarekin, munduko hainbat lekutara. Hortaz, Yoko bakarrik geratuko da parkean Mirentxurekin.

Zortzi eta hamaika urte artekoek Trash (88 min) pelikula izango dute. Slim, puskatutako kartoi kaxa, da protagonista. Azokan bizi da bere adiskide Bubbles kola-freskagarriarekin eta beste lagun batzuekin. Bizirauteko modu bakarra ezagutzen dute: dena xurgatzen duten garbiketa-makinei iskin egitea. Gau batean, ordea, Spark kutxa txiki bezain berezia azalduko da, eta Slimen bizimodua goitik behera aldatuko du. Abentura dibertigarrietan murgilduta, kutxatxoa Slimi zerbait gogorarazten saiatuko da: batentzat zaborra dena, beste batentzat altxorra izan daiteke.

Azkenik, 12 urtetik gorakoek, Gabi (60 min) izango dute aukeran. Gabik Gabi baino ez du izan nahi. Asmo erraza dirudi, baina ez da hain erraza. Gabi desberdin sentitzen da. 8 urte ditu, eta orain arte gauzak argi eta garbi esatea ez da inoiz arazo izan harentzat. Familia herri txiki batera bizitzera joaten denean, ordea, eta nerabezaroa azaltzean, gauzak aldatu egiten dira.
Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.
Eskaintza doakoa da eta hemen eman behar dute izena ikastetxeek, martxoaren 15era arteko epean.

