Haur eta gazte migratzaileen errealitatea azaltzen duen erakusketa Bilbon

Haur eta gazte migratzaileen errealitatea azaltzen duen erakusketa Bilbon Haur eta gazte talde batekin egindako argazki-tailerrean sortutako irudiek osatzen dute erakusketa. Adingabe eta gazte migratzaileen beldurrak, itxaropenak eta ametsak islatu dituzte igandera arte Areatzan ikusgai izango den argazki bidezko ibilbidean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haur-eta-gazte-migratzaileen-errealitatea-iazaltzen-duen-erakusketa-bilbon/@@download/image/save_children.jpg
2021/07/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Haur eta gazte talde batekin egindako argazki-tailerrean sortutako irudiek osatzen dute erakusketa. Adingabe eta gazte migratzaileen beldurrak, itxaropenak eta ametsak islatu dituzte igandera arte Areatzan ikusgai izango den argazki bidezko ibilbidean.
Haur eta gazte migratzaileen errealitatea azaltzen duen erakusketa Bilbon

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak Ibiltariak: Bilboren begiradak erakusketa paratu du Bilboko Areatza pasealekuan, haur eta gazte migratzaileen errealitatea ikusarazteko. Bidaia pertsonal bat partekatu nahi dute bertan, ez hitzen bidez, baizik eta Bizkaiko hiriburuan kamerekin harrapatu dituzten lekuetako irudien bidez. Bidaia horretan, beren haurtzaroa, beldurrak, itxaropenak eta ametsak islatzen dituzte. Igandera arte izango da ikusgai erakusketa.

Jabi Jubera argazkilariak Gazteon Artean haur eta gazte taldearekin egindako argazki-tailer baten emaitza da erakusketaren irudi-ibilbidea. Esparru horretan, Save the Childrenek lagundu, gidatu eta dinamizatzen du familia-erreferenterik ez duten haurrek eta gazteek osatutako taldea. Laster "lagun gehiago batzea" espero dute, "haien nazionalitatea eta administrazio-estatusa edozein izanda ere".

Erakusketa honek parte-hartzaileen bidaia pertsonala erakusten du, eta ekimen zabalago baten parte da; Haur Migratzaileen Ahotsa sentsibilizazio-proiektua lantzen ari da 2017az geroztik. Proiektuaren helburua euskal gizartea haur migratzaileen eta errefuxiatuen errealitateaz eta haien eskubideez kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da, epe ertain eta luzerako ikuspegi eraldatzaile batekin. Helburuak askotarikoak dira: batetik, taldekideek emantzipatzeko, parte hartzeko eta gizarteratzeko dituzten gaitasunak indartzea eta, bestetik, euskal gizarte osoa sentsibilizatzeko lanean eragile aktibo izateko aukera eskaintzea, haien errealitatea eta kasu arrakastatsuak ezagutzera emanez beraien ikuspegitik. 

Foru aldundien tutoretzapeko familia erreferenterik gabeko adingabeen kopurua 777 zen 2019an eta, Arartekoaren azken txostenaren arabera, 18 eta 23 urte bitarteko 900 gazte inguru daude familiaren laguntzarik gabe EAEn. Save the Children eta Por Causa Fundazioak egindako txostenean oinarrituta, EAEn tutoretzapean dauden haur eta nerabe migratzaileen %30 egoera irregularrean daude, eta, beraz, Estatuko tasarik altuena duen erkidegoetako bat da, biztanleriari dagokionez.