Haur eta gazte literaturaren azoka izango da egunotan Saran
Ikusi Mikusi proiektua euskara hutsean den Haur eta Gazte literatura azoka da. Gaur eta bihar gauzatuko da ekimenaren hirugarren edizioa. Ikusi Mikusik euskarari, haur eta gazte literaturari premiazko tokia eskaintzen dio, bi egunez: Eskolen eta Profesionalen Eguna izango da gaur, eta Familien Eguna bihar.
Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Gipuzkoa eta Nafarroako 1.300 ikasle bertaratuko dira Eskolen Egunean. Ikasle bakoitzari hamabost euroko balea eskaintzen zaio, gustuko duen liburua eros dezan. Gainera, eskola guztiek aurrez idatzi edo lan grafiko bat sortzen dute, eta erakusketa izaten da bi egunez Sarako Mediatekan. Bestetik, ikuskizunak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, tailerrak eta animazioak izango dira eurentzat.

Profesionalen Egunean, berriz, haur eta gazte literaturaren berezitasunak eta erronkak ulertzea izango da asmoa. Elise Diletek haur eta gazte literaturaren berritasunen aurkezpena egingo du Sarako Herriko etxean. Ondoren, Galtzagorri elkartearen aurkezpena izango da. Eguerdiko hamabietan, animazio programazioa ezagutaraziko da, artisten eskaintza zein den. Azokari itzulia emango diote ordu bi eta erdietan, eta haur eta gazte literaturan euskalkien erabileraren gaiari buruzko mahai-ingurua izango da lauretan. Azkenik, sortzaile eta argitaletxeen arteko buruz buruko topaketak egingo dituzte.
Bihar Familien Eguna izango da eta orotariko ekintzak izango dira: Ines Bengoaren Kontu Kantari tailerra, Alabena konpainiaren Flipluf ikuskizuna, norbere liburua sortzeko tailerra Daniela Maitiarekin, Booktube tailerra, Asisko Urmenetaren karikatura tailerra...
Egitaraua hemen kontsulta daiteke.

