Hauek dira klima-aldaketagatik urpean geratuko liratekeen lehenengo hiriak

Hauek dira klima-aldaketagatik urpean geratuko liratekeen lehenengo hiriak Gobernurik aberatsenak jada euste neurriak prestatzen dabiltza. Hiri behartsuenetatik migrazio masiboak espero dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hauek-dira-klima-aldaketagatik-urpean-geratuko-liratekeen-lehenengo-hiriak/@@download/image/yakarta.jpeg
2022/03/11

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gobernurik aberatsenak jada euste neurriak prestatzen dabiltza. Hiri behartsuenetatik migrazio masiboak espero dira.
Hauek dira klima-aldaketagatik urpean geratuko liratekeen lehenengo hiriak

Datuek hala diote: itsas maila 21-24 zentimetro hazi da 1880. urtetik hona. Gutxi dirudi, apenas tableta baten neurria, baina sekulako eragina izango du giza zibilizazioan. Gainera, itsas maila igotzeaz gain, igoera hori azeleratzen ari da. Irtenbideak ez direla garaiz iritsiko dirudi eta, ondorioz, laster munduko hiri ikoniko eta garrantzitsu batzuk urpean gera litezke. 

Ondorio horretara iritsi da behintzat berriki burutu den ikerketa bat. Estimatzen da, datozen 80 urteetan, pronostikorik onenetan, itsas maila 1,5 metro haziko dela, eta 2,5 metro pronostikorik txarrenetan. Argi dagoena da ez diola hazteari utziko. Igoera hau itsasertzeko hiriek garesti ordainduko dute. Aditu batzuk hiri horiek zehazki zein diren ezagutarazi dute. 

Lehena Indonesiako Jakarta hiria izango da. Azkarren urperatzen ari den munduko hiria da, horrenbeste ezen 2050. urterako erabat urpean egongo litzatekeela. Hori berehala da! Jakartarekin batera, Asiako zenbait hiri handi ere mehatxupean egongo lirateke: Istanbul, Bangkok eta Tokio.  Mumbai, dentsitate handienetako duen munduko hirietako bat, ere arriskuan dago, baita Kalkuta ere, biak Indian.

Zerrenda beltzean ez daude, ordea, Asiako hiriak soilik, Europako zenbait hiri ere bertan azaltzen dira: Amsterdam, Kopenhage, Dublin, Venezia eta Lisboa. Guztiak urpean geratuko dira klima-aldaketaren efektuak geraraztea lortzen ez badugu... eta ez dirudi lortuko dugunik. 

Amerikako kontinentean berriz Boston, Miami, New Orleans, New York, San Frantzisko eta Vancouver hiriak urak estaliko ditu. Honen aurrean, ostrekin murruak eraikitzen hasi da Estatu Batuak. Indonesiak berriz, Jakarta oihan gune batera mugitu nahi du. Etorkizunak ez du itxura onik. Pertsonek bizirautea lortzen badute ere, hiri zoragarriak betiko galdu litezke. A zer pena!