'Hau gerra bat da' ikuskizuna estreinatuko dute gaur Bilboko Euskararen Etxean
Piszifaktoria Ideien Laborategiak estreinatuko duen Hau gerra bat da ikuskizunarekin amaituko da aurtengo Hi(ZKI)bridoak kultur egitaraua,
Piszifaktoria Ideien Laborategiaren arabera, “gerra bat biziaraziko digun murgiltze-esperientzia bat da", eta horretarako lau lengoaia artistiko izango dira: hitza, musika, dantza eta antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, dantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztiak josteaz.
Diziplina anitzeko ikuskizuna da, "bidaia bat gerraren barrunbeetara, publikoaren erabakien arabera, bide bat edo beste hartuko duena", publikoak erabakiko baitu ikuskizunaren garapena. Istorio ez-lineala da, "gerra bat nola". Gainera, ez dago artista eta publikoaren arteko bereizketarik, borobil itxurako espazio komun bat du, "360 graduko erritual bat, gorputz guztiak berdinduta".
Mikel Ayllon arduratu da dramaturgiaz eta zuzendaritzaz eta Irati Agirreazkuenaga, Iholdi Beristain, Mikel Ayllon eta Igor Arzuaga arituko dira emanaldian.
Ikuskizun honek 2022ko Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza jaso du.
Emanaldia gaur izango da, asteazkena, Bilboko Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera. Sarrera doakoa izango da.