Hau al da Christian Bale?

Muturreko aldaketa fisikoen aktorea da Christian Bale. 2004ean, aktoreak 30 kilo galdu zituen The Machinist filmeko protagonista gorpuzteko; ondoren, hilabete gutxitan bere ohiko itxura errekuperatu eta muskuluak izugarri landu zituen Batman begins-eko saguzarraren rolerako; ondoren, muskulu guztiak galdu eta kilo mordoa irabazi zituen American Hustle filmerako.
Aktoreak, bere gorputza muturrera eramateaz nazkatuta, adierazi zuen ez zuela halakorik gehiago egingo; baina aurten estreinatuko duen Vice filmeko rolak erabat txunditu du Bale: "Ezin izan dut rol hau interpretatzeko aukera pasatzen utzi; Adam McKay-k sekulako gidoia idatzi du".
Hala, 18 kilo irabazi ditu aktoreak Dick Cheney AEBetako presidenteorde ohia interpretatzeko. Presidenteordea G.W. Bush-en agintean izan zen, eta filmak bere istorioa kontatzen du. Baleren azken eraldaketa fisikoa izango ote da?