Hatortxu Rock jaialdian arituko direnen izenak jakin berri dira

Gaur jakin dira bere 23. edizioan parte hartuko duten taldeen izenak. Jada ezagunak diren rock talde mitikoez gain, beste zenbait estilotara irekitzen diren izenak ere aurki daitezke kartelean, hementxe zerrenda: Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy
23.edizio hau beste behin ere Atarrabian ospatuko da. Taldeen izenak argitzeaz gain leloaren zergatia ere azaldu nahi izan dute jaialdiaren antolatzaileak: Konponbideak beharko luke izan oraina eta etorkizunaren sinonimo, baina iraganera giltzapetu nahi gaituzte eta aurrera pausoak eman beharrean, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideen eskubideei ere eraso egin nahi diete. Azkena, etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ere ostu nahi diete. Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute.
Horren aurrean maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko da Atarrabian musikaren bidez: Senideei maitasuna adierazteko eskubidea, lagunari maitasuna adierazteko eskubidea, espetxean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea, etxera bidean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea edo deserrian dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea.
Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28an Hatortxu Rocken biziko dena. Edizio honetan gainera inoiz baino talde gehiago oholtzaratuko dira. Beste edizioetan 11-12 talde aritzen baziren, oraingo honetan 18 izango dira. Horregatik, guztia posible egiteko betiko bi eszenatokiei gune berri bat gehituko zaie aurten hirugarren oholtza batekin.
Sarrerak
Gaur bertan jarriko dira sarrerak salgai. Oraingoz, Hatortxu Rock-eko webgunean daude salgai. Alta, laster ohiko puntuetan ere eskuratu ahal izango dira. Aurretiko salmentan prezioa 20 eurokoa da eta egunean bertan, oraindik ere sarrerak baldin badaude, 25 eurokoa izango da salneurria.