'Hater' izatea modan al dago?
Sare sozialetan etengabeko eduki eta iruzkin jarioa izaten da, eta denbora-tarte txikian irismen handia izan dezake gainera. Konexio eta interakziorako erraztasuna ematen du, baina modu txarrean erabiliz gero, dezenteko kaltea eragin dezake.
Iritzi ezberdinak izatea eta ikuspegi kritikoz eta modu osasuntsuan eztabaidatzea gauza ona da, eta kritikak jasotzeko prest egon behar dugu, baina hater edo gorrotatzaileek iraintzeko, min emateko, jazartzeko eta modu itsusian erasotzeko joera dute, errespetu izpirik izan gabe. Eta gorroto hori jasotzen duten erabiltzaileek sufritu egin dezakete, eta haien osasun mentalean eragin dezake, batez ere une zaurgarri batean harrapatuz gero.
Arraza, jatorria, generoa, orientazio sexuala eta halakoak izaten dira askotan erasoen jomuga. Sarritan epaitzen da emakumeen gorputza, esaterako, eta LGTBIQ+ kolektibokoak ere maiz erasotu ohi dituzte.
Sareetan anonimotasunetik edo profil faltsuekin aritzen dira asko, eta horrek erraztu egiten die jarrera hori izatea. Aurrez aurre esango ez lituzketen gauzak esaten dituzte, bai baitakite ez duela benetako eta berehalako ondoriorik izango. Seguru sentitzen dira, babestuak. Gainera, pantailaren bestaldean dagoena pertsona bat dela ahazten dute batzuek, eta ez dira ohartzen ze min edo kalte egin dezaleten. Batere enpatiarik gabe jokatzen da mundu birtualaren testuinguruan.
Norbere segurtasun ezak, autoestima arazoak, frustrazioak eta ezinegonak kudeatu ezinik, ihesbide bat topatzen dute jarrera erasokor horrekin. Arreta emateko modua ere izaten da kasu batzuetan. Gainera, zenbaitetan beste batzuen babesa jasotzen dute eta horrek puzteko balio izaten die. Haien burua balioesten dute kritika suntsitzaile horien bitartez. Bestea txikituz, haien burua handitzen dute nolabait, haien gainetik daudela sentitzeko. Adimen emozional falta, narzisismoa, fanatismoa eta bestelako ezaugarriak ere egon daitezke jokabide horren atzean.
Zer egin erasoen aurrean
Sareetako erabiltzaileren batek jazartzen bazaitu, onena profila blokeatu eta plataforman bertan salatzea da. Larritasunaren arabera, komisaldegira ere jo dezakezu salaketa egiteko.
Halako egoeraren bat ikusiz gero, berriz, ez bat egin erasotzailearekin, ez eman babesik, eta gorrotoari gorrotoz ez erantzuten saiatu. Ahal bada, hobe da sare sozialaren tresnak erabiltzea egoeraren berri eman eta plataformak berak neurriak har ditzan.
