Hasi zuen fantasiazko film laburrak prestatzen!

Hasi zuen fantasiazko film laburrak prestatzen! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hasi-zuen-fantasiazko-film-laburrak-prestatzen/@@download/image/fant_1387281617.jpg
2013/12/18
berria
Hasi zuen fantasiazko film laburrak prestatzen!
Maiatzaren 9tik 16ra bitarte egingo dute FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 20. edizioa, eta jaialdiaren baitako film laburren lehiaketan parte hartuko duten lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 15a izango da.


Bilboko Udalak antolatutako FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak urteurren berezia izango du 2014koa, lehen aldiz antolatu zutenetik bi hamarkada igaroko baitira datorren maiatzean. Urtero bezala, epaimahaiak film labur hoberenaren eta euskal film labur hoberenaren sariak emateaz gain, Sekzio Ofizialean parte hartzen duten film luzeen artean onena aukeratuko du, baita genero fantastikoaren baitan lan handia egiten ari den pertsona edo erakundea ere, Fantrobia sariarekin omenduko duena. Halaber, ikusleek euskal film labur onenaren saria banatuko dute.

2014an, gainera, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen eta FAS Zine Klubaren ekimenez, sail ofizialeko film luzeen artean gidoirik hobenaren eta zuzendari berritzaileenaren sariak emango dituzte; eta Nontzeberri.com kultur atariak antolatzen duen Nontzefilmak lehiaketaz gain, Zinema eta Animaziozko Film Laburren lehiaketa berezia ere prestatuko dute aurtengoan.

Esan bezala, beraz, maiatzaren 9tik 16ra izango da film horiek guztiak ikusi eta sariak banatzeko tartea; baina horren aurretik, lehiaketan parte hartuko duten lan laburrak aukeratu behar ditu antolakuntzak, eta jaialdiko programazio komitea jarriko dute lanean horretarako.

Parte hartzeko

Komitearen aurrean nork bere filma aurkezteko hemen aurkituko duzuen galdetegia bete beharko duzue lehenik, eta zuen filma Movibeta Festival atariaren bidez helarazi, lanaren esteka antolatzaileei bidalita.

Halakorik egiteko aukerarik ez baduzue, filma bera euskarri fisikoa bidali beharko duzue martxoaren 15a baino lehen honako helbidera.

FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa
Colon de Larreategui 37, 4. Eskubi
48009 Bilbo

Jarri martxan zuen proiektuak!