Hasi da Solidarioen aurkako epaiketa

Hasi da Solidarioen aurkako epaiketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hasi-da-solidarioen-aurkako-epaiketa/@@download/image/2007724143870p31_2.jpg
2012/12/13
berria
Hasi da Solidarioen aurkako epaiketa
2003ko uztailean atxilotu zituzten 19 Solidarioen aurkako epaiketa gaur goizean hasi da Nafarroako Justizia Jauregian. Fiskalak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du auzipetuentzat. Gaur arratsaldeko 19:00etarako manifestazioa deitu dute Nafarreria Plazan epaituen alde, eta bihar kontzentrazioa eginen dute goizeko 8:30ean epaitegiaren aurrean.  

Epaiketara deitutako 19 lagunak 2003an atxilotu zituzten, Itoitzeko etxeak behera botatzera joandako hondeagailuen lana eragozteagatik. Egun hartan,  behera bota behar zituzten etxeetako teilatuetara igo ziren Solidarioetako batzuk, eta beste batzuk, aldiz, zutabeetara kateatu zituzten euren buruak. Azkenean, Guardia Zibilak eta Nafarroako Foru-Poliziak herria indarrez hustu, eta hondeagailuek txiki-txiki eginda utzi zuten 20 urte luzez urtegiaren aurka azaldutako herria. Ondoren, urtegia betetzeari ekin zioten.
Epaiketaren aurka protesta egiteko, manifestazioa deitu dute gaur arratsaldeko 19.00etarako Iruñeko Nafarreria plazan. Bihar goizeko 8:30ean, aldiz, kontzentrazioa eginen dute (in)Justizia Jauregiaren aurrean.