Harry Crew: Munstroak nonahi

Harry Crew: Munstroak nonahi https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Harry Crew: Munstroak nonahi
Munstroak, muturreko pertsonaiak; erreka zuloa baino beltzagoak. Giza-saldo hori aurkituko duzue Harry Crews-en liburuetan. Crewsek bere eguneroko bizitzan bezala, bere pertsonaiek ere argi esaten dituzte esan beharrekoak: gordin, zuzen, apaingarririk gabe. Esaterako, hauxe dio idazleak "All we need of hell" liburuan: "… pentsatzeak zeunden toki berean uzten zintuen beti. Ezin zenuen pentsamenduaren bidez gas kamaratik irten edo burdin hesia zeharkatu. Ekintza zen dena".
Aldiz, "Blood and grits" saio bilduman, ondokoa dio ia bere pertsonaia guztiak definituz: "Idatzi dudan oro, zer nintzen eta nor nintzenaren beldurrez edo herraz idatzi izan dut". Ez dago gezurrik aitormen horretan. Izan ere, Crewsen nobela gehienetan, ugari dira muturreko izakiak: bere burua K.O. ipintzen duen boxeolaria ("The knockout artist"), Shereel kulturista ("Body")…
 Kasta berezikoa
Crews 1935eko ekainaren 6an jaio zen, AEBetako Georgia estatuko Alma herrian. "A childhood. A byography of a Place" izeneko autobiografian, bere haurtzaroaz mintzo zaigu, baserritar familiaren eta Georgiako laborari pobreen bizimodu petrala deskribatuz.
Izan ere, AEBetako hegoaldeak soilik eman dezakeen fruitu horietako bat da Crews. Hara zer dioen  Xabier Montoia idazleak "Car" nobelaren euskarazko itzulpenaren hitzaurrean: "Asko dira Estatu Batuetako hegoaldeak literaturari emandako idazleak. Asko, eta ez nolanahikoak (…) William Faulkner, Flannery O´Connor, Eudora Welty… (…) zaila da idazle guzti horiek amankomunean omen daukatena zehaztea, baina haien liburu bat eskuartean hartu, eta gizarte baten hondamenaren lekuko dela maiz irudikatuko zaio irakurleari. Beltz eta zurien arteko tirabirak, nekazari txiroen iraunbizitzeko borrokak eta erlijiokeriak izango ditu irakurgai. Munstroez beteko zaizkio begiak".
Zergatik ez autoa jan?
Bere estiloak eta bere izaerak eraginda, Crewsi asko kostatu zitzaion literatur munduan tokia egitea. 60ko hamarkadan hasi zen idazten, baina 1968. urte ospetsuan plazaratu zuen estreinako liburua. Ordutik hona 20tik gora liburu idatzi ditu: nobela ugari, saiakerak, oroitzapen liburuak eta baita "Play" izeneko antzezlana ere.
1993an, Susa argitaletxeak "Car" liburua euskarara itzuli zuen. Eduardo Matauko eta Kristin Addis arduratu ziren itzulpen lanaz. "Autoa"k kontatzen duen istorioa bitxia da erabat: Herman Mack AEBetako auto txatartegi erraldoi bateko langilea da, eta Ford Maverick auto bat jatea erabakiko du, eta ondoren libratzea, noski.