Harri-jasotzea oinarri duen 'Harri Herri' txapelketa estreinatuko dute gaur ETB1-en

Harri-jasotzea oinarri duen 'Harri Herri' txapelketa estreinatuko dute gaur ETB1-en 16 gizonezkok eta 12 emakumezkok hartuko dute parte, eta launa talde lehiatuko dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harri-jasotzea-oinarri-duen-harri-herri-txapelketa-estreinatuko-dute-gaur-etb1-en/@@download/image/kuadrilla.png
2023/03/27
16 gizonezkok eta 12 emakumezkok hartuko dute parte, eta launa talde lehiatuko dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan.
Harri-jasotzea oinarri duen 'Harri Herri' txapelketa estreinatuko dute gaur ETB1-en

Harri Herri herri kirol programa abiatuko du gaur EITBk, eta ETB1en eta eitb.eus-en ikusi ahal izango da, 22:30ean. 28 harri-jasotzailek hartuko dute parte, 16 gizonezkok eta 12 emakumezkok, eta launa taldetan lehiatuko dira gizonezkoak eta emakumezkoak.

Talde bakoitzak talde-buru bana izango du: Luis Mari Telleria, Izeta II.a, Joseba Ostolaza eta Zelai II.a. Aurkezle lanetan, berriz, Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia arituko dira. Hiru saio egin dira guztira, bi finalerdi eta finala, Abadiñoko probalekuan.

Honako harri-jasotzaile hauek hartuko dute parte: Mollarri taldean, Lur Errekondo, Maddi Gesalaga eta Nerea Arruti; Ibiur taldean, Aroa Sanchez, Ainitze Zumeta, eta Amalur Arbelaitz; Ergobia taldean, Karmele Gisasola, Lierni Osa eta Garazi Arruti; Ulia taldean, Udane Ostolaza, Patricia Martin eta Olaia Esnaola; Albizuri taldean, Aimar Irigoien, Hodei Iruretagoeina, Beñat Telleria eta Andoni Iruretagoiena; Etxauri taldean, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Royo, Paulo Azpiazu; Igeldo taldean, Iñigo Eizagirre, Gari Garmendia, Claudi Bazga Claudi, Iraitz Arruti; eta Laukariz taldean, Xabier Aranburu, Jon Unanue, Xabat Olaizola, eta Gorka Etxeberria.

Saioen prozedura
Harri jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin lan egingo du denbora jakinean. Gizonak lau harrirekin (200 kiloko koadroa, 137,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko kopa eta 100 kiloko bola) arituko dira eta emakumeak hirurekin (88 kiloko koadroa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola). 

Txandaka lehiatuko dira harri bakoitzarekin. Gizonezkoek hamar minutu izango dituzte lau harriekin lanean aritzeko eta emakumezkoek, berriz, sei minutu hiru harrientzat. Jasoaldi bakoitza denborarekin sarituko da eta hala lortuko dute geroko balioko dien denbora-altxorra. 

Finalaurreko bakoitzean final moduko bat jokatuko dute aurrez ikusi gabeko harri berezi batekin: txapelketa honetarako espreski aurkitutako harri baldar zail bat. Talde bakoitzak aurretik irabazi duen denbora-altxorra izango du harri baldarra jasotzen saiatzeko. Harria jasotzen duenak edo gehien jasotzen duenak irabaziko du finalaurrekoa. Inork jasoko ez balu, aurreko lau harriekin denbora gehiago batu duen taldea sailkatuko da finalerako.