Harreman osasuntsuen peskizan

Harreman osasuntsuen peskizan HARREMANAK GURE EGUNEROKOTASUNAREN PARTE DIRA. ASKOTARIKO HARREMANAK IZATEN DITUGU IZAERA EZBERDINEKO PERTSONEKIN ETA SORTZEN DIREN KORAPILOAK ASKATZEN LANA IZATEN DUGU MAIZ. KALTE EGITEN DIGUTENEI EUSTEN ERE TEMATU OHI GARA, ETA, HORREGATIK, KOMENIGARRIA DA DITUGUN HARREMANAK AZTERTZEA. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harreman-osasuntsuen-peskizan/@@download/image/repor_04.jpg
2023/12/28
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta @mailegetx

HARREMANAK GURE EGUNEROKOTASUNAREN PARTE DIRA. ASKOTARIKO HARREMANAK IZATEN DITUGU IZAERA EZBERDINEKO PERTSONEKIN ETA SORTZEN DIREN KORAPILOAK ASKATZEN LANA IZATEN DUGU MAIZ. KALTE EGITEN DIGUTENEI EUSTEN ERE TEMATU OHI GARA, ETA, HORREGATIK, KOMENIGARRIA DA DITUGUN HARREMANAK AZTERTZEA.
Harreman osasuntsuen peskizan



LEIRE PINEDO

Leire Pinedo Rodriguez (Bilbo, 1990). Psikologian graduatua da Salamancako Unibertsitatean. Osasun Prestakuntza Espezializatuko (BAPE) laugarren urtea egiten ari da Osakidetzan, Psikologo Klinikoko Espezialista titulua lortzeko. Osasungintza publikoan osasun mentalaren arreta hobetzearen defendatzailea da. Psikologiari eta osasun mentalari buruzko dibulgazioan ere interesa du, tabuak hausteko eta arlo horretan prebenitzeko helburuz.

Harremanak konplexuak izaten dira berez eta Leire Pinedo psikologoaren esanetan, hainbat faktorek eragiten dute hala izatea: “Pertsonen beharrak, komunikazio-estiloak, estresari aurre egiteko moduak… ez datoz beti bat. Gainera, pertsonak aldatu egiten gara hazten eta esperientziak bizitzen goazen heinean, eta ez denok erritmo edo norabide berean”. Aldi berean, harremanei buruz dugun heziketa sinesmen kulturalekin “oso kutsatuta dagoela” uste du, eta arreta handiagoa jarri beharko geniokeela “komunikazio eraginkorrerako trebetasunak garatzeari, hala nola enpatiaz entzutea, laguntza eskatzea eta babesa eskaintzea”.


Harreman batzuk egokitu egiten zaizkigu halabeharrez, esaterako familia edo kuadrilla. Biak ala biak ere “oso garrantzitsuak dira gure sozializazioan eta balioen transmisioan”. “Barneratzen ditugun eta zalantzan jartzen ez ditugun balioak transmititzen dizkigute, txikitatik baikaude horietan. Uste dut idealizatu egiten ditugula, eta badirudi ezin garela zoriontsu izan haiek gabe. Harreman horien arazoa da egintzat jotzen ditugula eta oso gutxitan birplanteatzen ditugula. Uste dut egokia litzatekeela zer-nolako harremanak ditugun eta horietan nola sentitzen garen pentsatzea noizean behin”, azaldu du Pinedok.


Familia harremanek pertsonaren garapen psikologikoan, emozionalean eta sozialean eragiten dute, eta “eredu ez osasuntsuek bakoitzaren trebetasunak edo nahiak garatzea zailtzen dute, baliaezintasun- eta mendekotasun-sentimendua sustatuz”. Familian ematen diren dinamika ez osasuntsuen inguruan galdetuta, hainbat egoera eman daitezkeela adierazi digu Pinedok: komunikaziorik eza, manipulazio emozionala, arau eta rol oso zorrotzak, laguntza emozionalik eza edota abusuzko harremanak. Kuadrilletan ematen diren dinamika toxikoen kasuan ere, orokorrean, antzekoa izaten da, “norbaiten behar indibidualak kontuan ez hartzea edo berdintasunezko harremanik ez ematea”. “Ohikoa da pertsona bat kuadrillaren arautik atera eta bertan zerbait kritikatzen duenean, berari errua botatzea eta baztertua izatea”, esan du psikologoak.


Kuadrillatik at ere izaten ditugu adiskidetasun harremanak, guk geuk hautatuak gehienetan. Harreman berriak aukeratzean, kontuan hartu behar dugu “hainbat helbururekin sor ditzakegula harremanak eta bakar batek ere ez dituela gure behar guztiak aseko”. “Zaletasunen bat partekatzeko izan edo emozionalki eusteko, intimitate-maila edo komunikazio-eskakizunak desberdinak izango dira. Intimitate eta konpromiso handiagoko harremanetan seguru sentitu behar dugu, gertatzen zaiguna garrantzitsua dela eta askatasunez adieraz dezakegula sentitu”.



Sarean ere geure burua babestu
Mundu digitalean, sare sozialetan, gero eta gehiago aritzen gara. Bertan sortzen diren harremanak likidoagoak, azalekoagoak eta konpromisorik gabeak ote diren itaunduta, hauxe erantzun digu: “Sare sozialetan gehiago axola du kantitateak harremanen kalitateak baino. Ezin dugu konpromiso handirik izan harreman askotan, eta horrek azalekoagoak izatea eragiten du. Horrez gain, beste testuinguru batzuetan baino askoz aukera gehiago ere badaude, eta erraza da batetik bestera pasatzea. Horrekin batera, gure beharrak berehala asetzeko nahiak eta beste eremu batzuetan egonkortasunik ezak harremanei eman diezaiekegun denbora mugatzen digute”.


Sareetan aurrez aurre egingo ez genituzkeenak egin ohi ditugu eta baita besteengandik halako jokabideak onartu ere. Pinedoren hitzetan, “pertsona batzuk anonimatuan babesten dira errespetua galtzeko eta aurrez aurre jokatuko ez luketen moduan jokatzeko. Gainera, jokabide horrek ez du ondoriorik, baina tratu txarrak jasotzeak ondorio kaltegarriak ditu gugan. Horregatik, garrantzitsua da sare sozialetan igarotzen dugun denbora mugatzea eta modu kontzientean eta positiboan erabiltzea geure burua babesteko, beste toki batean egingo genukeen bezala”.



Beharren eta nahien komunikazioa

Harremanak hartu-emanean oinarritzen dira eta oreka hori nola mantendu behar ote den izaten da zalantza. “Ez dut uste pertsona guztiei edo harreman mota guztiei egokitzen zaien jarraibide bakarra dagoenik. Malgutasuna garrantzitsua dela iruditzen zait, ezin dugu beti gauza bera eskatu. Gure egoeraren arabera ere, modu desberdinean inplikatzen gara. Une jakin batean jasotzen duguna baino gehiago eman dezakegu, eta beste une batean gutxiago. Nolanahi ere, funtsezkoa iruditzen zait zer emateko prest gauden eta jaso nahi dugun gutxienekoa zer den argitzea”.


Guztiok desberdinak garenez, besteen beharretara moldatu behar dugu, baina orekatua izan behar duela ohartarazi du psikologoak: “Denek egin behar dute ahalegina. Bakoitzaren beharrak eta harremanarenak aintzat hartu behar dira, eta hala dela sentitu behar dugu. Izan ere, gu beti gehiago ematen ari garela sentitzen badugu, erretzeko arriskua izango dugu epe luzera”.
Harremanetan egin ohi ditugun oker ohikoenak honako hauek dira Pinedoren aburuz: gure espektatibek gidatzea besteak eskain dezakeena egiaztatu gabe, eta, adostu gabe, mugak ziurtzat jo eta behar duguna ez eskatzea besteek ezagutu edo asmatu behar dutela pentsatzeagatik.


Bestearen jarrera edo jokabideren batek min ematen digunean, gugan duen eragina azaltzea garrantzitsutzat jo du: “Beste pertsona entzuteko irekiago ager dadin, lagungarriagoa izango da gure beharretatik eta emozioetatik komunikatzea, gaitzespenetik egitea baino. Era berean, komeni da min egiten diguten jokabide zehatzak adieraztea eta nola jokatzea gustatuko litzaigukeen argitzea”.

Harreman kaltegarriak etetea
Kontua ez da beste pertsona nolakoa den edo zer ezaugarri dituen, baizik eta nola sentiarazten gaituen. Izan ere, ezaugarri zoragarriak izan ditzake, baina bere ondoan ondo sentitzen ez bagara, harreman hori kaltegarria da guretzat. Pinedo ados dago baieztapen horrekin: “Bakoitzak gauza desberdinak espero ditugu harremanetatik, zaila da bi pertsona bateragarriak izatea komunikazio-estiloetan, harremanak izateko moduan, nahi den konpromiso-mailan… Gainera, hauek denboran zehar alda daitezke. Horregatik, baliagarriagoa eta aberasgarriagoa iruditzen zait gatazkak gure beharretatik ulertzea bestearen ezaugarrietatik baino”.
Harremanak kalte egiten badigu, noiz arte jarraitu beharko genuke hari eusten? Nola jakin harremanari amaiera emateko edo berarengandik urruntzeko garaia dela?.“Zerbait pertsonala den arren, nire ustez muga da harreman batean modu iraunkorrean gaizki sentitzen garenean eta aldatzeko borondaterik ikusten ez dugunean. Edo hain erreta sentitzen garenean, ezen gu geu ez gauden inolako aldaketarik edo ahaleginik egiteko prest”.


Harremanak ahalik eta modu osasuntsuenean eta ahalik eta min gutxiena eginda eteteko moduari buruz galdetu diogu Pinedori. “Egoera perfektua bada, onena lasaitasun une batean egitea da, errespetuz eta argitasunez, partekatutakoa eta ikasitakoa eskertzea. Sor daitezkeen zalantzei erantzuteko hitz egitea, errurik edo gaitzespenik ez botatzen saiatuz. Garrantzitsua da beste pertsona errespetatzea, baina baita geure burua eta hartu dugun erabakia ere. Ez dira beti horrela egiteko baldintzak ematen, eta ulergarria da beste modu batera egitea, ahal den moduan”.


Harremana amaitutzat jo ondoren, doluari tartea egin beharko zaio eta baliteke erruduntasun sentimendua agertzea ere. Horri nola aurre egin aholkatu digu: “Erabaki zuzena izan arren, ezin dugu saihestu sortzen digun mina, eta denbora behar dugu hori asumitzeko. Edozein egoera zailetan bezala, autozaintzak eta on egiten diguten pertsonez inguratzeak laguntzen digu. Harreman bat eteteak are min handiagoa ematen digu galera horiek porrot gisa bizi baditugu. Baina funtzionatzen ez duten edo min egiten diguten harremanak amaitzea egokia da, geure burua zaintzeko modu bat, aukera berrietara irekitzeko aukera ematen diguna”.
Harreman hori bizitzaren uneren batean berreskuratzeko aukeraz ere hausnartu dugu Pinedorekin, gu aldatzen garen heinean, harremana ere aldatu ote daitekeen. “Batzuetan zaila izaten da beste une batzuetan gertatu dena barkatzeko edo askatzeko gai ez bagara. Baina, jakina, posible da, kide bakoitzak harremanari eskatzen eta eskain diezaiokeena bat etortzen direnean. Edo zehazki bat ez etorri, baina bateragarriak direnean”.



HARREMANETARAKO BOST AHOLKU
1.   Besteek ezin dituzte gure beharrak asmatu, adierazi egin behar ditugu. Zenbat eta zehatzagoak izan,
     orduan eta errazagoa izango da besteentzat asmatzea.
2.  Inertziaz ez jarraitzea eta noizean behin ditugun harremanak birplanteatzea.
3.  Harremanak ez dira berez sortzen eta mantentzen, ahalegin eta dedikazio handia eskatzen dute.
4.  Gatazkak edozein harremanen parte dira, eta gatazkak ondo kudeatzeak harremana sendotzen lagunduko du.
5.  Askotan, ez dugu behar besteek gure arazoak konpontzea, baizik eta ulertuak sentitzea. Horregatik, aholku gutxiago eman behar ditugu, eta arretaz entzun.