Harreman irekien eta sexualitatea ulertzeko modu berrien inguruko 'Bihar arte soilik' komedia estreinatuko dute Bilbon
Bilboko Arriaga antzokiak David Caiñaren Bihar arte soilik komedia estreinatuko du bihar, hilaren 28an, 19:30ean. Sexualitatea, gaztaroa eta harreman irekien inguruko antzezlana da.
Honela deskribatu dute obraren nondik norakoa: "Aitziberrek bidaia bat irabazi du supermerkatu bateko zozketan, Karibeko konplexu turistiko batera. Lau lagunentzat da bidaia. Hauek joango dira bidaian berarekin batera: Olatz, bikotekidea; Ilargi, Aitziberren eta Olatzen laguna, eta Ekaitz, Ilargiren laguna, azken unean gonbidatua, Ilargik mutil-laguna desleiala izan dela jakin ondoren. Bidaian, euren arteko harremana jokoan jarriko duten erronkei egin beharko diete aurre gazteek.
Harreman irekiei eta sexualitatea ulertzeko modu berrien inguruan hausnartzen du lanak, "ikuspegi komiko batetik, baina sakontasunez eta angelu emozionala ahaztu gabe. Obrak gogoeta eginarazi nahi dio ikusleari, harremanak ulertzeko moduan gertatzen diren aldaketei buruz eta horrek gazte talde batean izan dezakeen eraginari buruz bereziki".
David Caiñak gaztelaniaz idatzi du jatorrizko testua, eta Kepa Errastik ekarri du euskarara. Gorka Minguezek zuzendu du obra eta honako aktore hauek izango dira oholtza gainean: Lorea Intxausti, Nerea Elizalde, Albar Cirarda eta Mikele Arizkorreta.
Euskaraz estreinatu ondotik, hurrengo egunean, gaztelaniazko bertsioa taularatuko dute.

