Harrapazank gazte!

Harrapazank gazte! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harrapazank-gazte-2/@@download/image/kauta01ona_1362748307.jpg
2009/03/06
elkarrizketa
Harrapazank ekimena Bilboko gazteentzako kultur programa da, hainbat eragilek elkarlanean sustatutako plangintza berezia. Topaguneak, euskara elkarteen federazioak, 2006an jarri zuten abian Bilboko Udalaren laguntzaz. Aurtengo honekin, beraz, antolatzen duten hirugarren aldia du. 

Harrapazank-ek gazteak, aisialdia eta euskara ditu ardatz. Azken bi osagaiak hamaika modutara uztartuz (kontzertuak, bertsolaritza, hip-hopa, lehiaketak, break-a, zinema, moda, antzerkia…) gazteak euskararen erabilera gozoan harrapatzea du xede. Bi hitzetan esanda, Harrapazanken estilo eta joera guztiek tokia daukate eta Bilboko gazteak dira benetako protagonistak. Jarraian dituzue datozen asteetarako iragarri dituzten ekitaldi interesgarriak:

Kauta + Sugan

Kauta taldearen erritmo indartsuekin eta Sugan taldearen melodia gozoekin ederki pasatzeko aukera ezin hobea izango duzue martxoaren 13an. 20:00etan hasita, euskal musikaren alorrean ezinbesteko erreferentzia bilakatutako bi talderen zuzeneko paregabeaz gozatu ahal izango duzue Bilborock aretora gerturatzen zaretenok, zalantza izpirik gabe.

Dantzazank gala

Bilboko dantzari finenak aukeratuko dituzte martxoaren 20an Bilborock aretoan ospatuko den gala berezi horretan. Guztira, 76 lagunek eman zuten izena, 14 taldetan banatuta. Horietatik 33k parte hartuko dute final handian. Nerea Alias aurkezleak gidatuko du magiaz betetako gala bat izateko osagai guztiak biltzen dituen jaia. 19:30ean emango zaio hasiera eta, tokia izango bada, garaiz joatea komeni da.

Mihiluze lehiaketa berezia

Telebistako lehiaketa martxosoenaren bertsio bilbotar eta berezia duzue honakoa, jatorrizko aurkezle eta guzti! Saioa martxoaren 27an izango da, ostiralarekin, eta ETBko gatza eta piperra diren Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek gidatuko dute, Bilborok aretoan, 19:30ean hasita. 17 bikote arituko dira, nor baino nor. Hortxe ikusiko da euskara kontuetan bilbotar gazteek mihi luzea duten edo, alderantziz, lodia eta makala daukaten.

Sarreran aipatu bezala, hauek dira martxoan zehar gauzatuko diren ekitaldiak. Baina ez dira bakarrak izan, aurreko hilabetean beste hainbat ekitaldi interesgarri ere izan baitziren. Otsailaren 19an, adibidez, Gatibu taldeko Gaizka Salazar eta Lor taldeko Ramiro Unzeta bateria jotzaileek "Baketen indarra" izeneko jardunaldia zuzendu zuten. Otsailaren 25ean, berriz, abeslarien txanda izan zen.

Kerobia taldeko Xabi Fernandezek eta Zea Mays taldeko Aiora Renteriak "Ahotsa eta hitzak" izeneko jardunaldia zuzendu zuten. Gitarra kontuek ere izan zuten bere tartea: "Abesti sorkuntza eta gitarra". Otsailaren 26an izan zen eta Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk eta Etxe bakarlariak zuzendu zuten. Azkeneko jardunaldiak baxua eta baxu jotzaileak izan zituen protagonista, martxoaren 4an.

"Baxua, kantaren oinarri erritmikoa" lelopean, Doctor Deseo taldeko Joxi Jimenezek eta Split 77ko Ekaitz Hernandezek urtetan ikasi eta egindakoaren berri eman zieten jardunaldira bertaratutako guztiei.