Harmaila, euskarazko lehen kirol aldizkaria

Harmaila, euskarazko lehen kirol aldizkaria Euskarazko aldizkarien artean hutsune handi bat betetzera dator kirol aldizkari berria. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harmaila-euskarazko-lehen-kirol-aldizkaria/@@download/image/Captura de pantalla 2017-07-26 a las 13.12.04.png
2017/07/26
albiste-laburra
Euskarazko aldizkarien artean hutsune handi bat betetzera dator kirol aldizkari berria.

Euskarazko lehen kirol aldizkaria jaio da: Harmaila. Taldekideak hiru dira: Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegi. Horrekin batera, Jon Escudero, Unai Zubeldia, Anaitze Jauregi, Jon Ander De la Hoz, Arnaitz Rubio eta Dario Garrido izango dituzte kolaboratzen.

 

0 alea jada irakurgai dago webgunean; klikatu irudian eta emaiozu bistazo bat!

 

 

Aldizkari berriaren arduradunek honako mezua zabaldu dute beren editorialean:

Marcelo Bielsa handiak ikusleen eta zaleen arteko bereizketa argia egin izan du beti. Bere aburuz, ikusleak eskaintzen zaionaren arabera gozatzen du kirolaz. Balio estetikoa jartzen du beste edozeren gainetik, gustoko duena, azken finean. Moko fina izaten du, eta ez da konformaerraza izaten. Zalea, aldiz, beste egur bateko ezpala da: entrenatzaile argentinarraren hitzetan, futbolean ordezkaezina den aldagai bakarra litzateke zalea. Futbolaren ordez beste edozein kirol adibidetzat jarrita ere, balio bera luke esaldiak. Zalearen barne bulkada pasioa izaki, berdin kirol, talde zein kirolari batekiko, dela azken hori seme-alaba, herrikidea, edo milaka kilometrotara bizi den ezezagun sobera ezaguna, pasio hori bera da trukean eskatzen duen gauza bakarra.

 

     Ikusleak. Zaleak. Denek daukate euren tokia harmailetan: Harmailak batzen ditu askotan, eta harmailak, tamalez, eta kirolaren arabera, etsaitu beste askotan. Jai giroan bizi dute batzuek, debozioz beste askok, eta euren ezinen jomuga bilakatzen dutenak ez dira gutxi. Analisi hotza edo garrasiaren beroa oinarri, garaipenarekin konformatzen ez diren utopikoak eta garaipenaz harago ikusten ez duten pragmatikoak nahasten dira bertan. Azken finean, jolasa joko bilakatzen du kanpoan egonagatik ere kirolaz gozatu, sufritu edo bizi duenak, urtaroak urtaro eta eguraldia eguraldi, bai kirolgune xumeenean zein milaka pertsonentzako emanaldi batean.

 

    Ikusle begiez, zaletu begiez, kirolari begiez egina dago HARMAILA. Pasioa eta analisia uztartzen saiatuko gara, eta dena euskera hutsean. Bazegoen hutsunea, badago beharra, izango al dugu aukera? Kirol herria da gurea, eta horren isla izan nahi du aldizkari honek, bere xumean ausart. Patxadaz jorratu nahi ditugu arnas luzeko gaiak, egunerokotasunaren zurrunbilo eroan erori gabe. Bideari ekin diogu, tentuz, eta ilusioz: Zortzi milako galanta da aurrean daukaguna, egia, baina alboan izango zaitugulakoan hasi gara maldan gora, gogoko tokian aldaparik ez dela sinetsita.

 

     Beteko dugu harmaila denon artean?