Harkaitz Canok eta Trizak taldeak emanaldia eskainiko dute gaur Iruñean

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Harkaitz Cano idazlearen eta Trizak taldearen Zerbait gertatzera doa edozein unetan emanaldia antolatu du gaurko, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. Raymond Carverren poemak errezitatuko ditu Canok, berak euskarara ekarriak, eta Trizzak taldeak jazz doinuz lagunduko ditu olerkiak.
Halaxe deskribatu dute emanaldiaren nondik norakoa: "Raymond Carver ipuingile eta poeta (1938-1988) ‘errealismo zikin’ deitu izan zaionaren ordezkari behinena izan zen. Etiketa trakets xamarra da hori, ordea; izan ere, ba al da errealismo garbirik? Eguneroko bizitzeko zirrikiturik gordinenetan txinparta poetikoak ateratzen trebea zen poeta amerikarraren aleekin dago osatua, batik bat, emanaldia, AEBek eman diguten genero txundigarrienaz lagunduta: jazzarekin, alegia".
Jon Piris, Julen Izarra eta Hasier Oleagak osatzen dute Trizak taldea. Kontrabaxuak, saxofoiak eta bateria dira jotzen dituzten instrumentuak . Jazz taldeetan zein herri musikaren beste aldaera batzuetan zaildutako musikariak dira hirurak. Organiks, Travellin’ Brothers Big Band eta RS Faktor taldeetan aritutakoa da Izarra, eta, gaur egun, Nevermind Trioko partaide da Hasier Oleagarekin batera. Oleagak berak, hainbat disko bere izenean argitaratzeaz gain, talde ugarirekin kolaboratu du, eta Ruper Ordorikaren zuzeneko taldean jotzen du duela hamar urtetik hona. Hain zuzen, Ordorikari lagundu zion Jon Pirisek Memoriaren mapan diskoaren bikote formatuko biran.
Cano, berriz, euskal idazle eta itzultzaile ezaguna da. Literaturan ez ezik, telebista eta irratiko gidoilari ere lan egiten du, egunkarietan kolaboratzeaz gain. Hainbat generotan murgildu izan da idatzian: ipuinak, eleberria, poesia, kronikak, haur eta gazte literatura, eta baita itzulpenak ere.