Haring (pop art)

Haring (pop art) https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haring-pop-art/@@download/image/85p68keith_1363639021.jpg
2008/05/02
erreportajea
Harkaitz Cano
Maiatzaren 4an 50 urte bete ziren Keith Haring graffitigilea jaio zenetik. Haring pop artearen ikurrik garrantzitsuena izan zen.

Pinturak ere literatura dira, eta graffitiz inguratuta etortzen dira sarri. Metroan graffitiak marrazten hasi eta gutxira Andy Warholez geroztik pop arteak eman duen ikurrik garrantzitsuena bihurtu zen Keith Haring. Trazo lodiz egindako marrazki probokatzaile eta sinpleak edozein formatotara egokitzen zituen: surf taulak, skate pistak, parkeak, txokolatezko tartak...

Tokio, Bartzelona, New York eta beste hiri askotan muralak  marrazteaz gain, bere lagunek eskatzen zioten edozein lekutan marrazten zuen: motorretan, jakatan... Zeppelin erraldoi baten oihala ere margotu zuen, eta baita giza gorputzean ere; behin baino gehiagotan. Iman modelo beltz ospetsuaren gorputz biluzian marrazteko, adibidez, pintura egokirik ezean, eguzkitako krema zuria erabili zuen.

Bere lanen ezaugarri garrantzitsuenetako bat mugimendua da: break-dance dantzariak izan ziren bere inspirazio iturrietako bat. Bere marrazkiak energia sexual eraldatua zirela esan ohi zuen. Egiptoko hieroglifikoak nahiz mass-medietako irudiak Matisse edo Léger bezalako pintoreen lanak bezain beharrezko zituen bere iruditeria osatzeko. Haurrak oso gustuko zituen (haurrek ere bai bere marrazteko era) eta gehien errepikatzen zuen ikurretako bat lauoinka zihoan umearena zen. Amestu arren gauzatu ez zuen proiektuetako bat, eguzkipean milaka haurrek sostengatutako ispiluekin osatu eta satelite bidez ikusteko modukoa izango zen haurraren irudi erraldoia egitea izan zen.

1990ean hil zen Keith Haring, hiesak jota, hogeita hamabi urte baino ez zituela. Hala ere, dela komikigintzan nahiz iragarkietan, Keith Haringen irudiak eta diseinuak nahiz bere estiloa plagiatuz egindako lanak edonon aurki daitezke gaur egun ere.

Bere gaixotasunari sortzeko zuen gaitasuna eta grina bikoiztuz erantzun zion, bere lanean areago murgilduz. Bere iruditeria kopiatzen erraza izateak arte munduan onarpena zaildu eta kalte handia egin zion arren (munduan zehar bidaiatzen zuenean faltsifikatutako bere kamisetak bildumatzea gustatzen zitzaion), arropetatik hasi eta museoetaraino, edonon dago gaur egun Keith Haringen lana ikusgai.