Happy Valley: Britainiar harribitxi iluna

Happy Valley: Britainiar harribitxi iluna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/01/12
erreportajea
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Happy Valley: Britainiar harribitxi iluna
Gaizki pasako duzu, oso. Tentsioa zainetan sentitu eta atzamarrak azazkalik
gabe utziko dituzu. Eta hala ere, ezin izango diozu sei atalak ikusteari utzi.
Zer gerta daiteke pertsona arruntek, diruaren beharrak jota, biktimarik gabeko
krimen bat burutzea erabakitzen dutenean?


Urtea: 2014.
Zuzendariak: Euros Lyn, Tim Fywell eta Sally Wainwright.
Aktoreak: Sarah Lancashire, Steve Pemberton, Siobhan Finneran, Shane Zaza.
Herrialdea: Ingalaterra.
Denboraldiak: Bat aireratuta, eta bigarrena 2015ean.
Atal kopurua: 60 minutuko sei atal denboraldiko.

Euros Lyn zuzendariaren aurreko lanak ikusita (Broadchurch, Last Tango in Halifax, Black Mirror edota Sherlock) ez da harritzekoa oraingoan ere aho zabalik uzteko moduko ekoizpen batekin azaltzea. Kasu honetan, Britainia Handitik datozkigun telesailak kalitatezkoak, motzak eta biziak direla frogatzen duen harribitxi ilun eta bikain bat dakarkigu: Happy Valley.

Nire gomendioa: Zer kontatzen duen gehiegi jakin gabe lehen atala ikusi eta gozatu. Jakingura duzula? Ustez oso lasaia den herrixka batean, ordena ezarri behar duen polizia beteranoa da Catherine Cawood (Sarah Lancachire). Bere alabaren ustezko hiltzailearen aurkako gurutzadari ekingo dio, eta bahiketak eta ezusteko biraketak ez dira faltako. Drama polizial bortitza.

Trama erakargarriari lotuta, tentsioa planoz plano barreiatzen da eta sentimenduak pertsonaien keinu bakoitzean arnasten dira; Coen anaien kutsuak zipriztinduta, baina ingeles erara. Nortasun gogorreko urakana den Sarah Lancashire protagonistari esker, argumentua modu oso burutsuan doa aurrera, bere lan boteretsuak pantaila zeharkatzeko gaitasuna baitu. Hori gutxi balitz, gainontzeko aktoreak modu bikainean murgiltzen dira istorioak eskatzen dituen tonu gris horietan, klixe sinpleetan erori gabe.

Hainbat momentutan trantze gogorra izan liteke Happy Valley, baita errealista eta gordina ere. Baina gogortasun hori ez dute elementu grafiko edo morbosoek eratzen, horien ondorioek baizik. Protagonistek jasaten dituzten kolpeek atalez atal desagertzen ez diren ubeldura itsusiak uzten dituzte, erremediorik gabeko zauri fisiko eta psikologikoak.

Azken finean, lehen minututik harrapatuko zaituen telesail paregabea da, itzulinguruka ibili gabe zuzenean mamira doana. Azpimarratzekoak dira aktoreen lana, gidoia, musika, eta batez ere, erritmo bizi eta eraginkorra. 2014ko telesailen artean, aipagarrienetarikoa. Asteburu euritsu eta hotz batean etxetik irten gabe binge watching egiteko oso aproposa; hau da, atalak bata bestearen jarraian etenik gabe irensteko modukoa.

BINGE WATCHING
Oso aproposa bata bestearen jarraian atal guztiak irensteko.

MUSIKA-ERREPRODUZITZAILERAKO
-Travel Town (Jake Bugg).

BITXIKERIAK
-Droga arazoak zirela eta, Calderdale herrixkako poliziek Happy Valley ezizena jarri zioten ingurune horri (ironikoki, noski).
-Sarah Lancashire aktoreak lehen denboraldiko laugarren eta seigarren atalak zuzendu ditu.
-James Norton aktoreak, Tommy Lee Royce kriminalaren paperean murgiltzeko, hilabeteak pasa zituen psikologo batekin lanean.

LOKALIZAZIOAK
-Calder Valley, Yorkshire (Ingalaterra).
-North Light Film Studios, Huddersfield, (Ingalaterra).

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
-Inside Men (2012).
-Broadchurch (2013).
-Fargo (2014).