Hamazazpi euskal ekoizpen izango dira Zinemaldian

Hamazazpi lanek –hamahiru film luzek, film labur batek, telesail batek, ekoizpen-fasean dagoen film batek eta proiektu batek– osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko euskal partaidetza. Gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte irailaren 17tik 25era egingo den Zinemaldian ikusi ahal izango diren bertako pelikulak.
Zinemira sailak, euskal zinemari berariaz eskainitakoak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan izango ditu. Horietako zazpi mundu-estreinaldiak izango dira eta, horregatik, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko aukera izango dute, beste atal batzuetako bi pelikulekin batera.
Sail honetako filmeen artean izango dira honako hauek: Javier Corcueraren No somos nada, La Polla Records taldearen agur-biraren inguruan sorturiko ez-fikziozko filma; Maru Solores donostiarraren Aztarnak, haurtzaroko urteek uzten dizkiguten eta gogoratzen ez ditugun aztarnei buruzko hausnarketa; Iñaki Alforja iruñarraren eta Iban Toledo beasaindarraren Bolante baten historia, José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra" desagertu zeneko eta haren familiak haren gorpuaren bila emandako 40 urteri buruzko ikerketa; Iker Elorrieta bilbotarraren El radioaficionado, ama hil ondoren jaioterrira itzuliko den hogeita hamar urteko gazte autista baten inguruko pelikula; Xabier Erkizia lesakarraren O Gemer, idi-gurdiek egiten duten soinu bitxian oinarritutako film esperimentala; Maider Oleaga bilbotarraren Kuartk Valley, Arabako haran bateko herri batean bertako jendeak lagunduta filmatutako western baten istorioa; eta Hernan Zin argentinarraren Pandemic Tour 2020 Belako, pandemia garaian Belako musika taldeari egindako jarraipena.
Bestetik, Asier Altuna zinemagileak Hondalea estreinatuko du Euskal Zinemaren Galan, Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obraren inguruan sortutako ez-fikziozko filma. Gainera, Maixabel filma Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehian izango da. Sail Ofizialean egongo da Iciar Bollain madrildarraren lana, Maixabel Lasak bere senar zenaren hiltzailearekin izandako topaketa kontatzen duena.
Lehiaz kanpokoak
EiTB galan, Pausokak ekoiztu eta Javier García de Vicuñak zuzendutako Irabazi arte telesailaren lehen atala aurkeztuko dute, ama galdu eta Bartzelonatik Euskal Herriko bere jaioterrira bizitzera joango den futbolari nerabe baten inguruko ikus-entzunezkoa.
Horretaz gain, Aitor Merinok Fantasía izeneko lana erakutsiko du, familia baten historiari jarraitzen diona, oroitzapenen eta gurutzaldi baten bitartez. Igor Legarretak Ilargi guztiak ekarriko du Zinemaldira, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean gertatzen den heriotzari eta hilezkortasunari buruzko fabula. Itziar Ituño, Haizea Carneros eta Josean Bengoetxea ditu protagonistak. Josu Martinez eta Samara Velteren Paperezko hegoak ere ikusi ahal izango da, Euskaldunon Egunkariaren aurka egindakoak kontatzen dituen dokumentala. Mireia Gabilondok zuzendutako Erlauntza ere eskainiko dute.
Mikel Gurrearen Heltzear film laburra Zabaltegi-Tabakaleran emango dute, indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorioa. Gainera, euskal filmetarako bi proiektu Zinemaldiaren 69. edizioko egitarauaren parte izango dira. Alde batetik, Amat Vallmajor del Pozo kataluniarraren Misión a Marte; Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohiak Euskal Herri postapokalitpiko batean girotu du bere lehen filma. Beste aldetik, Marina Palacio donostiarraren Y así seguirán las cosas izango da.
Bertako artistak
Euskal Zinemaren Galan erakutsiko den kartel berria ere aurkeztu dute gaur. Udane Juaristi margolari azkoitiarra izan da hurrengo urteotan euskal ekoizpenekin batera erakutsiko diren irudiaren sortzailea.
Bestalde, Bego Vicario artista eta zinemagileak Perlak sailaren kartela diseinatu du, eta Victoria Eugenia Antzokian egingo diren film-aurkezpenetarako baliatuko da kartel hori.
Kimuak ekimenari Zinemira saria
Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko aitortza da Zinemira Saria eta aurtengoan Kimuak film laburren programak jasoko du. Gaur egun Kimuak ahalbidetzen duen taldeak (Txema Muñoz eta Esther Cabero Euskal Filmategiko lankideak), irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo den Euskal Zinemaren galan jasoko du saria.