Hamasei bertsolari gazte izango dira Izeta Sariketan
16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte ostiralean X. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Arratsaldean, aldibereko bi kanporaketa izango dira, 18:30ean, Erratzun eta Elizondon, zortzina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako. Afalosteko saio gisara jokatuko da finala, Elizondoko Kortarixar jatetxean.
Elizondoko Intza tabernako kanporaketan honako bertsolari hauek arituko dira: Mikel Lasarte Cia (Barañain), Sarai Robles Vitas (Barañain), Patxi Castillo Graciarena (Bera), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ainara Ieregi Aranburu (Barañain), Peio Ardaiz Gale (Erronkari), eta Bittori Elizalde Soto (Iruñea). Gai-jartzen, berriz, Alaitz Rekondo Ferrero arituko da.
Erratzuko Zubi-Punta tabernan bertsolari hauek kantatuko dute: Endika Legarra Nuin (Iruñea), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Ekain Alegre Gil (Altsasu), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Jabi Lezaun Landa (Iruñea), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), eta Beñat Astiz Isasi (Barañain). Ander Aranburu Arriola arituko da gaiak jartzen.
Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko da finala, afalostean. Elizondoko eta Erratzuko lehen hiru sailkatuak arituko dira bertsotan, Zigor Gartzia Arregi Zian-en gidaritzapean.
Finalerako sarrerak, afarirako eta saiorako, www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, 16 eurotan.

