Hamarkada honetan gehien kontsumituko diren drogak

Hamarkada honetan gehien kontsumituko diren drogak Psikotropikoak Internet bidez erostea normala bilakatuko da eta kanabinoide sintetikoak salduko dira hobekien, nahiz eta estasia izango den festa giroan drogatzeko modurik zabalduena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamarkada-honetan-gehien-kontsumituko-diren-drogak/@@download/image/image.jpg
2020/02/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Psikotropikoak Internet bidez erostea normala bilakatuko da eta kanabinoide sintetikoak salduko dira hobekien, nahiz eta estasia izango den festa giroan drogatzeko modurik zabalduena.
Hamarkada honetan gehien kontsumituko diren drogak

Igaro den azken hamarkadan marihuana eta antsiolitikoak normalizatu ditugu, alkoholaren kontsumoa jaitsi dugu eta kokaina postuak galtzen ari da. Gorputzean sartzen duguna faktore askoren eraginpean dago: politikak, narkotrafikoaren merkatuaren dinamikak, laborategien aurkikuntza berriak eta moda. Pop kulturak islatzen du gazteek kontsumitzen dutena: Bad Gyal-en porroak edo Euphoria telesaileko kolore guztietako drogak adibidez.

Datozen urteetan estasiaren kontsumoa mantenduko da festa giroan Adam Winstock, Global Drug Survey erakundearen sortzailearen arabera. Ikerketa batek 30 herrialdeetako joerak aztertu ditu eta adierazi du Internet bilakatuko dela drogak erosteko bide nagusia. Horrela, droga eskuratzeko ez dira kale ilunak bisitatu beharko, etxera janaria eskatzearen parekoa izango baita. 2014-2019. urteen artean drogen online merkatua bikoiztu egin da.

Interneten zerbait arazorik gabe saltzen bada, hori onddoak dira. Droga mota hau bere bigarren jaiotzea bizitzen ari da, psikodelikoak hartzea modan jarri baita. Azken urteetan LSD mikrodosiak ohiko bilakatzen hasi dira norbera hobeto ezagutzeko helburuarekin. Izan ere, haluzinogenoek dituzten aukeren aurrean gizartea irekiago azaltzen da. Eta ez hori bakarrik, ikerketak erakutsi du sustantzia hauen sendatzeko ahalmenaz ere jendea kontzienteago dela eta antsietatea, depresioa, elikadura nahasteak... eta bestelakoak tratatzeko erabiltzen direla.

Marihuana
Modu honetan, marihuana normalizatzea lortu da eta alkohola landare hau baino arriskutsuago hautematen dute gazteek. CBDa (marihuana bere osagai psikoatiborik gabe, hau da, THC-rik gabe) sekulako hazkundea bizitzen ari da eta Bartzelonako dendetan ezkutatu gabe saltzen da. Gainera, droga honen erabilera sendagarria errealitate bat da herrialde askotan.

Oro har, egun kontsumitzen den marihuana lehenagokoa baino indartsuagoa da, baina behintzat badakigu zer erretzen dugun, informazio gehiago dago. Dibertimenduzko marihuana legala da Uruguain, Herbehereetan, Kanadan eta Estatu Batuetako zenbait estatuan. Espainiar Estatuan 15-24 urte bitarteko gazteen %20ak kannabisa erre du azken urtean eta gehien erretzen duten adin tartea da. Honek eduki ditzakeen ondorioak datorren hamarkadan ezagutuko dira.

Ohiko bilakatu den beste droga bat, eta gainera legala dena, botiketan saltzen baita, antsiolitikoak edo lasaigarriak dira. Medikuen errezetarekin eskuratu behar izaten dira, baina inoiz baino gehiago erabiltzen ari dira antsietatearekin obsesionatuta dagoen belaunaldia bake momentuak eskuratzeko.

Sintetiko berriak
Droga sintentikoen biziraupenean laborategiek erru handia dute. Izan ere, droga hauen molekulak aldatuz joaten dira legeak debekatzen ez dituen formulak merkaturatzeko. Modu honetara, merkatu beltza debekuaren aurretik doa eta oso azkar eboluzionatzen du horrek dakarren arriskuarekin, ez baitakizu apur bat ezberdina den substantzia berri horrek nola eragingo dizun.

Gainera, egun eskura ditugun drogak arriskutsuagoak bilakatu dira. MDMA pilula batek hiru dosi estasi ditu eta ondorioz, gazteen tolerantzia mailak gora egin du eta baita gaindosi bat jasateko arriskuak ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da drogak kontsumitzerako garaian hauek aztertzea, informazioa bilatzea eta menpekotasuna sortzen dizutela nabaritzen den momentuan laguntza eskatzea.