Hamalau film labur lehiatuko dira Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetan

Hamalau film labur lehiatuko dira Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamalau-film-labur-lehiatuko-dira-zinema-ikasleen-nazioarteko-topaketetan/@@download/image/20128216920ikasle_topaketak.jpg
2012/12/13
berria
Donostiako Zinemaldia hasi da motorrak berotzen, eta pixkanaka aurtengo 60. edizioan proiektatuko dituzten filmen izenak iristen ari zaizkigu. Halaber, Zinema Ikasleen Nazioarteko XI. Topaketa ere prestatu dute beste urte batez, eta hamalau film labur lehiatuko dira bertan. Irailaren 26an, 27an eta 28an eskainiko dituzte emanaldiak.

Hemeretzi herrialdetako 56 eskolatako 139 film labur aurkeztu dituzte aurtengo Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara. Besteak beste, Alemania, Argentina, Brasil, Kanada, Kolonbia, Kuba, Txile, Ekualdor, AEB eta Israelgo zinema eskoletako lanak aurkeztu dituzte, eta horien artean hamalau aukeratu ditu epaimahaiak.

Aipagarriak dira, besteak beste, Txileko Pontificia Universidad Catolocako Apnea, Jeremy Hatcher-ena; Espainiako ESCAC-eko Distopia, Jeffrey Frigula-rena; I Think This is the Closest to How the Footage Looked izeneko lana, Isralego Tel Aviv University-ko Yuval Hameiri eta Michal Vaknin ikasleek egindakoa; eta Mudanza, Kubako TICTV eskolako Daniel Kvitko ikaslearena. Dena den, gainerakoak ere oso film esanguratsuak izango direla iragarri dute antolatzaileek.

Topaketak Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneak antolatzen dituzte, eta azken hiru urteetan Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua ekimenaren laguntza izan dute.

Nazioarteko lankidetza eta ekoizpen prozesuak sustatzeko proiektuak


Topaketetan parte hartuko duten film laburrez gain, beste bi lan ere aurkeztuko dituzte lehiaketaz kanpo. Nazioarteko lankidetza eta ekoizpen-prozesuak sustatzeko proiektuak dira.

Atelier Ludwigsburg-Paris egitasmoaren baitan bi zinema eskolek hartu dute parte, eta horietan ekoitzi dituzte Hier j'etais deux, Sylvain Coisne-rena, eta Work, Friederike Fiek-ena.

Gainera, zinema-eskolek osatutako koprodukzio proiektuaren ondorioz sortutako film luze bat ere proiektutako dute, Hives izenekoa. Hau ere lehiaketaz kanpo aurkeztuko dute. Zagrebeko, Londreseko, Jerusalemeko, Koloniako eta Pragako eskolen arteko lankidetzaz sortutako lana da.

Saria


Epai-mahaia eskola parte hartzaileetako ikasleek osatuko dute, zinemaren munduko pertsonaia ezagun bat buru dutela. Panavision Saria emango diote irabazleari, Sony EX III kamera bat eta hari dagokion ekipamendu osoa jasoaz. Horrekin batera 10.000 euroko bonoa jasoko du, Panavision etxearen edozein material alokatu ahal izateko.