Hamaika irakurtzeko jaioak?

Hamaika irakurtzeko jaioak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamaika-irakurtzeko-jaioak/@@download/image/36p40-1.jpg
2003/12/05
erreportajea
Asier Coloma
Durangokoa disko eta liburu azoka da. Baina, kontuz, fenomeno soziala ere bada, egoera eta pertsonaia xelebrez josia. 

Euskal Liburu eta Disko Azokan hamaika gauza ikus daitezke: hitzaldiak; argitaletxe, disketxe, aldizkari eta multimedia enpresen saltokiak; musika emanaldiak… Dena den, hori baino askoz gehiago ere bada azoka: aspaldi ikusi gabeko lagunak topa ditzakezu; idazleak, musikariak eta pertsona ospetsuak bertatik bertara ikusteko eta agurtzeko aukera… Sekulako fenomeno soziala baita Durangoko Azoka. Irakurri, bestela, ondorengo lerroak.

Dr. Jekyll eta Mr. Hyde
Durangoko ohiko pertsonaietako bat duzu honakoa. Ulertezina da bere portaera: urte osoan liburu bakar bat ere ez erosi —irakurri, zer esanik ez; etxera igorritako telefono fakturak, kostata—, baina azoka zapaldu orduko, aldaketa bitxia gertatzen zaio. Liburuek gogaitzen duten pertsona  hau zeharo itxuraldatu eta munstro liburu-erosle bilakatu ohi da bat-batean. Hori da hori liburuak erosi beharra! Hitzaldi luuuuuuzeak entzuteko  nolako pazientzia! Hala ere, "trantzea"-k ez dio luzeegi irauten.

"Eta orain zer egingo dut liburu mordoarekin? Tira, Kamasutrari buruzkoa mutil lagunarentzat —zerbait ikasiko ahal du!—, sukaldaritzari buruzkoa amonarentzat, landareak ureztatzeari buruzkoa hirugarren solairuko bizilagunarentzat…". Bere eskuzabaltasunak ez du mugarik. Kontsumismoaren kontrako liburuak ere erosi ohi ditu; horixe da harrigarriena...

Kultur mozkorraldia
"Karrika honetan liburuak oparitu behar dituzte, ziur. Halako jendetza biltzeko… Barrura sartu beharko dugu. Hau ustekabea! Taberna da!". Hona hemen Durangora lehen aldiz joaten direnen ohiko ezustea. Izan ere, azokan burmuina hainbeste estutu ondoren, beharrezkoa da mokadutxo eta tragoxka bat (edo bi, edo hiru, edo lau...) hartzea. Azokako tabernan ere egin daiteke, baina zangoak luzatzera joatea nahiago izaten du jendeak. Kirolzaleak baikara euskaldunak!

Ondorioz, Goienkalera abiatzea da onena. Bertan, 300 metro eskasetan, 15 "stand" daude. Tabernazulo hauetan azokan baino jende gehiago dagoela baiezta dezakegu, inongo ezbairik gabe. Eta inork kontzientzia arazoak baditu, euskaltzaleen bilgune Berbaro tabernara joan besterik ez du. Jakina, ordu txikitan, urteroko irudia: lagun koadrila bat tabernan, guztiek ere liburua besapean dutela, eta den-denak ere sekulako "melokotoia"-rekin. Eskuartean dituzten liburu horietatik erdiak etxera iritsiko balira, gaitzerdi.

Mitomanoak
Azokako karriketan beti izaten da idazleren bat, liburuak sinatu eta sinatu. Egoera benetan bitxiak suertatzen dira horrelakoetan. Erosleak zera pentsatu ohi du: "Hor ari da ezertaz ezagutzen ez nauen tipo hori, serio-serio, nire liburua sinatzen. Liburuan zirriborrorik ez margotzeko eskatuko nioke, baina ez diot ezer esango, arazoak eragin baitiezazkioke autoestimuan". Idazleak, bestalde, eroslearen aurre-aurrean, beste hau du buruan: "Zer ez ote dugu egin beharko liburu aspergarri hau saltzeko! Eta begira zein mozolo aurpegia duen morroi horrek".  Idazle askok, Sadam Hussein-ek bezala, gustura kontratatuko lukete fisikoki antza duen norbait liburuak sina ditzan. Dena den, batzuetan, bai egilea bai irakurlea poz-pozik egoten dira. Denetarik baitago euskal kulturaren paradisuan.

Paperik gabekoen mugimendua
Iritsi zaizkigun azken berriak zinez kezkatzekoak dira. Gure ikerketa zerbitzuak jakin duenez, askorentzat ageriko sekretu zenak eztanda egin du. Mugimendu ekologistaren haserreak nonbaitetik irten behar zuen eta. Ez da gutxiagorako. Paperak izatea inoiz baino zailagoa den garai honetan —etorkinei galdetu bestela—, azoka dela eta, munduko basoetan sarraski bidegabea egiten ari gara euskaldunak. Sartu bezain pronto, paperak gora eta behera: iragarki eta publizitate orriak direla, liburuak eta aldizkariak direla… Mundu guztiak ei du zerbait garrantzitsua idatziz adierazteko beharra. Izan ere, hamaika irakurtzeko jaioak gara!