Hamaika ikuskizun izango dira Lekeitioko Kaleka kale arteen jaialdian
Lekeitioko Kaleka jaialdiaren 33 edizioa gaurtik igandera bitarte gauzatuko da eta kaleko arteaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Haien lanetan kale arteetako alor desberdinak landuko dituzten ikuskizunak izango ditugu, besteak beste, antzerkia, kalejirak, clownak, piroteknia, sormena sustatzeko espazioak edota gogoeta eragingo digutenak.
Portugal, Katalunia, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Euskal Herriko konpainien hamaika ikuskizun izango dira Lekeitioko kaleetan. Haien artean izango dira konpainia hauek: Trapu Zaharrak, Lekittoko Deabruak, Xa Teatre, Holoqué, David Cebrián, La Tal, Cía Trotamundos, 7 Bubbles, Portugalgo PIA eta Baychimo.
Jaialdian parte hartzen duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratuak izan dira. Guztira 406 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan eta horietatik hamar izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dagoen konpainia baten lana ere izango da, Cia Trotamundosena.

Baychimo konpainiaren Versos que anidan poesia-instalazioak hitzak ohiko espazioen mugetatik aldenduko ditu, literatura bere idatzizko eta ahozko ingurunetik espazio, ikusmen, gorpuzki eta soinuaren eremura zabalduta. Hegazti txikiak balira bezala, olerki bakoitzak bere etxetxo-habia izango du eta bere bertsoak entzutera animatuko du hurbiltzen den oro.

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.
