Hamaika film luze emango dituzte Gasteizko Zinemastean
40. urteurrenean, Gasteizko Euskal Zinemaren Asteak lehengo izena hartuko du berriz, Zinemastea, eta bestelako berrikuntzak ere izango dira. Izan ere, aurrerantzean film luzeak soilik hartuko ditu jaialdiak eta publikoaren sariaz gain, epaimahai profesional bat ere izango da film, zuzendaritza, gidoi eta antzezpen onenak hautatzeko. Otsailaren 23tik martxoaren 2ra egingo dute aurten jaialdia, sei eguneko iraupena izatetik bederatzira igaroko baita.
Honako film luze hauek ikusi ahal izango dira jaialdian: Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas; Pablo Bergerren Robot Dreams; Victor Ericeren Cerrar los ojos ; Jaione Cambordaren O corno; Silvia Munten Las buenas compañías; Isabel Hergueraren El sueño de la sultana; Arantxa Echevarriaren Chinas; Victor Iriarteren Sobre todo de noche; Itsaso Aranaren Las chicas están bien; Felix Viscarreten Una vida no tan simple eta Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vazquezen Upon entry .

Film proiekzioak Vital Fundazioa Kulturunean izango dira, 19:30ean, eta proiekzioen ostean solasaldiak izango dira pelikulen sortzaileekin. Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da, eta edizio osorako abonuak 22 euro balioko ditu.
Itxiera gala martxoaren 2an
Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Judiht Colell Kataluniako Zinema Akademiako lehendakariak; Jaume Balagueró zine zuzendariak, Alicia Luna gidoilari eta dokumentalgileak, eta Leonel Vieira zuzendari eta ekoizleak.
Sariak martxoaren 2an Europa Jauregian egingo den galan jakinaraziko dituzte. Jon Plazaola eta Nerea Mazo aktoreek aurkeztuko dute ekitaldia. Honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: Ramon Barea, Estibaliz Urresola, Pedro Olea, Elena Irureta, Mikel Losada, Gorka Aginagalde, eta Raul Romo musikariak eta haren taldeak.

