Hamabost orduz, nazioarteko musikarik honena Busturian

Hamabost orduz, nazioarteko musikarik honena Busturian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamabost-orduz-nazioarteko-musikarik-honena-busturian/@@download/image/20125185263Biodibersika_2012.jpg
2012/12/13
berria
Ekainaren 2an Biodibertsika jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute Madariagako Dorrean, Busturian. Kontzertuak goizeko 11:00etan hasiko dira, eta etenik gabe jarraituko dute igande goizaldeko 03:00ak arte. Hamabost orduz Clarisse, Iban Nikolai, Gobeo Bay, Chaotic Covers, Antton eta Snatzen bezalako taldeak igoko dira eszenatokira. Rocka, folka, reggaea, musika elektronikoa, akustikoa... musika anitza entzungai, eta hainbat tailer eta ekintza egiteko aukera. Dena doan!

Nazioarteko Ingurumen Egunaren harira antolatutako jaialdia da Biodibersika, eta musikaren bidez bioaniztasunak duen garrantziaren inguruan herritarrak ohartaraztea du helburu. Horretarako, hainbat musika talde, orotara hamabost bat, bilduko dira Bizkai aldean; musika moten aniztasunak, ingurumenaren aniztasuna irudikatuko du.

Baina Biodibersika ez da soilik musika jaialdia. Bertaratzen direnek hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute; hala nola, goizean zuhaitzak landatuko dituzte inguruetan, eta horren ostean, birziklapenari, kontsumo iraunkorrari, eta halako ideiei loturiko jarduerak egingo dituzte. Gainera, kalitatezko produktuak dastatu ahal izango dira, taloak eta txorizoa, besteak beste, eta doako autobus zerbitzu bereziak izango dira Bermeo eta Gernikatik joateko.

Azkenik, Ernesto Miari artistak dantza kubatar, latino eta afrokubatarren klaseak emango ditu, salsa, bachata eta merengea praktikatu dezaten bertara hurbildutakoek. Edonork parte hartu ahal izango du. Horrekin batera, perkusioa jotzeko eta instrumentuak sortzeko tailerrak ere izango dira.