Hala Bedi Bi: Euskara hutsezko ahots berria

Hala Bedi Bi: Euskara hutsezko ahots berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hala-bedi-bi-euskara-hutsezko-ahots-berria/@@download/image/hala_bedi_02_1391683774.jpg
2014/02/10
erreportajea
Hala Bedi Bi: Euskara hutsezko ahots berria
Amets berri bat egi bihurtu du Hala Bedi kolektiboak irratiak 30 urte bete berritan: martxan da Gasteizko irrati librearen euskara hutsezko diala.


Aspaldikoa zen Hala Bedi kolektiboaren asmoa eta, 2012an iragarri zuten, EAEko Gobernuak martxan jarri zuen irrati lizentzien lehiaketa aitzaki hartuta, urteetako ametsa egia bihurtzeko lanean hasiko zirela. Dokumentazioa bildu eta lizentzia eskaera egin ostean baina, gobernu aldaketarekin batera, lehiaketa bertan behera gelditu zen. Albiste gazi-gozoa izan zen, behin-behineko lehiaketaren erresoluzioa jaso zutenean ikusi baitzuten, euskara hutsezko dialaren lizentzia eskuratuko zutela. Egun, lehiaketaren inguruko berririk ez dagoen arren, Hala Bedik martxan du euskara hutsezko diala, eta lizentzia eskuratzea denbora kontua izango da.

"Entzungarria, dinamikoa eta freskoa" izateagatik bereizgarrituko dela dio Gaizka Amondarain Hala Bediko kideak. Oraingoz, musika da nagusi, eta Hala Bedi Bateko euskarazko saioak eta Arrosa sareko edukiak emititzen dituzte, baina, dagoeneko hasi dira programazio berria prestatzen. Guztira, bortz minutu inguruko irratsaio laburrek osatuko dute: testu motzak, iritzi artikuluak eta abestien aurkezpenak, nagusiki. Apurka-apurka, ideia berriak sortu ahala, parrila egokitzen joango direla aurreratu dute, beti ere, dinamikotasuna berezko ezaugarria izango dela azpimarratuta.

30 urtez, kolpez kolpe
1983ko abuztuaren 6an entzun zen lehenengoz Araban Hala Bedi Irratia. Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsierarekin batera hastea aurreikusi bazuten ere, azkenean, bi eguneko atzerapenarekin estreinatu zuten Korreria kaleko estudioa. Euskal Herrian irrati libreek arrakasta eskuratu zuten garai hartan, ahotsik ez zutenei ahotsa emateko helburuarekin sortu zen, eta, zailtasunak zailtasun, urte oparoak bizi izan zituzten 80ko hamarkadan. Sendotasuna, hala ere, 90ekoan eskuratu zuen, mugimendu sozial eta kultural desberdinetako jende berria gerturatu zenean. Jatorri eta ideologia politiko anitzetako kideak bildu ziren herritarrena eta herritarrentzat izango zen irrati librea sortzeko asmoarekin.

Ordukoak dira egun Hala Bedi kolektiboa bereizgarritzen duten ezaugarri nagusiak. Medioa profesionalizatzeko erabakia hartuta, eduki propioak sortzen hasi ziren, eta pixkanaka, Gasteizko mugimendu azpimarragarrienetakoa bilakatu zen.

Diskoa, liburua eta dokumentala
30. urteurrenaren harira, ohiz kanpoko egitasmo berriak antolatu zituen Hala Bedik 2013an zehar. Batetik, irratiaren ibilbidean aipagarriak izan diren Euskal Herriko hamabost musika taldek egindako hamabost kanten bertsioen bilduma argitaratu zuten; tartean daude Fermin Muguruza, The Allnighters, Sexty Sexers eta Alaitz eta Maider, adibidez.

Diskoaz haratago, Iker Saenz de Argañonek duela zazpi urte idatzitako Hala Bediren inguruko liburua berreskuratu eta argitaratu zuten. "Unibertsitaterako ikerketa baten harira idatzi nuen, Hala Bedin kolaboratzen aritu nintzen garaian, eta berebiziko poza hartu nuen 30. urteurrenaren harira kaleratuko genuela jakin nuenean", aitortzen du idazleak.

Oskar Bañuelos kazetariak zuzenduta, azkenik, Hala Bediren historia pantailara ere eraman zuten, ’30 urte, kolpez kolpe’ ordubeteko iraupeneko dokumentalean. Irratiaren historia, sorrerako elkarrizketa errealak eta fikzio tartearekin osatu zuten eta, eduki zuen estreinaldi arrakastatsuaren ondotik, salgai dago DVD euskarrian.

Elkartasuna, hedapenerako giltza
Militantzia eta elkartasuna izan dira Hala Bediren ezinbertzeko lehengaiak. 30 urteko bidean hamaika egitasmo eta erronka gainditu dituzte kolektiboko kideek eta, argi dute, azken urteetan bizitako hedapena ez litzatekeela posible izanen, jendearen elkartasunik gabe. Azken hamabost urteetako lanaren etekinak jasotzen dituzte egun, eta bertatik igaro den pertsona orok argi du Hala Bedi irrati bat baino askoz ere gehiago dela.

Euskararen sustapenari dagokionez, Araban sortu den mugimendurik indartsuena da. Joseba Andoni Ullibarri Urraka ‘Xepe’-k, Hala Bediko kazetaririk beteranoenak argi du "itzela" izan dela "kolektiboak euskararen alde egin duen apustua. Arabako egitasmo euskaltzale anitzek kolektiboaren bitartez ezagutu baitute elkar azken urteetan", eta hori erabakigarria izan da, zalantzarik gabe, euskarak Araban izan duen garapenean. Aspaldi sortu ziren ametsak egia bihurtu dira orain, eta aurrerantzean, irrati frekuentziaren bi muturretan entzungo ditugu Gasteizko irrati librearen ahotsak: hasierako muturrean (88.8 FM) euskara hutsezko diala, eta azkenekoan, aldiz, (107.4 FM), elebiduna. Bertze 30 urtez, kolpez kolpe, herriarentzako ahots librearen aldeko borroka bizirik mantenduko da Gasteizen.

Testigantzak



Joseba Andoni Ullibarri ‘Xepe’ (Gasteiz, 1968) da uneotan Hala Bediko kazetari beteranoena; Nagore Enciso (Lizarra, 1987), aldiz, 2010eko ikastaroetan parte hartu ostean hasi zen ‘Zebrabidea’ saioan kolaboratzen. euren bizipenen bidez irratiaren bidea errepasatu dugu.

Joseba Andoni Ullibarri 'Xepe': "Elkartasunak baldintzatu du Hala Bediren hedapena"




Beteranoena zara Hala Bedin, noiz hasi zinen?

Irratiaren lehen urte oparoen ondoren nagusitu zen krisi garaian. 90eko hamarkada hasieran, Euskal Herriko irrati libre askok bezala gainbehera bizi izan zuen Hala Bedik. Lehen urteetako kolektiboaren izaera gazte asanbladen antzekoa zen, nolabait esatearren, eta 90eko hamarkadan mugimendu sozial eta kultural desberdinetatik iritsi ginenok proiektu komunikatibo honen aldeko apustua egin genuen.

Egiguzu garai hartako argazkia.
Korronte ideologiko erabat desberdinetako jendea ginen, baina guztiok behar bera genuen: guztiona eta guztiontzat izango zen irratia sortzea. Pixkanaka, proiektu komunikatiboaren oinarrizko ezaugarriak marrazten hasi ginen. Izaera berdina mantenduz, eduki propioak sortzeko beharra ikusi genuen, eta elkarteen edukiei ahotsa ematetik haratago, produktu propioak egiten hasi ginen. Hala sortu ziren Suelta la olla edo magazinak, baita egungo Zebrabidea ere.

30 urteko bidean denetarik bizi izan duzue, hala nola, iraultza teknologikoa. Nola egokitu da kolektiboa aldaketetara?
Paradoxikoki, kolektiboaren esfortzuari esker, Euskal Herrian edukien digitalizazioa egiten lehenak izan ginen. Korronte teknologiko hori betidanik existitu da gurean. Muga ekonomikoak askotan izan ditugu, baina, teknologiaren aldaketetara erraz moldatu gara borondatea soberan izan dugulako.

Tira, zertan aldatu da bereziki Hala Bedi?
Zabalkundean. Irratiaren diru iturria militantzia da, hau da, elkartasunak baldintzatu du hedapena. Egun gai gara duela hamar urte sortutako ideiak aurrera eramateko. Euskara hutsezko dialarena adibide argiena da. Jendearen elkartasunak, urteen poderioz, hasierako helburua betetzen lagundu digu.

Hizkuntzari dagokionez, zein aurreikuspen egin dituzue?
Kolektiboaren helburua etorkizunean bi dialak euskara hutsean egitea da. Hala Bedi I elebiduna da uneotan, baina guk argi utzi dugu Arabako gizartea euskalduntzen doan heinean, Hala Bedi I ere euskalduntzen joango dela.
 
Dial berria aipatzen duzula, zein toki eduki duzu zuk prozesu horretan?
Inplikatuta egon naiz sortu zenetik. Araban euskara hutsezko irratirik egotekotan, irrati librea izan behar zuela defendatu genuen, eta lizentzien lehiaketak atera baino askoz ere lehenagokoa da euskara hutsezko irratia sortzeko asmoa. Interesgarria da, Hala Bedin gauden erdaldunok ere amets hori betetzeko lan egin baitugu.

Nagore Enciso: "Lizentziarekin edo gabe, bi dialekin aurrera jarraituko dugu"



Nola bizi izan zenuten dial berriaren lehen emisioa?
Hunkigarria izan zen. 1983ko Hala Bediren lehen emisioa hizpide, walky-talky hotsekin grabatutako introak erabili genituen eta Guardia Zibilen atxiloketa antzeztu genuen. Ongi pasa genuen, baina oso urduri geunden. Sekula egiten ez dugun gidoia jarraitzea eta dial berrian entzungo ziren ahotsak geureak izango zirela pentsatzeak presioa sartu zigun.
 
Edukiei dagokionez, zein gai landuko dituzue euskara hutsezko dialean?

Etorkizunean orotariko gaiak jorratu nahi ditugu, baina oraingoz, musikari eman diogu garrantzia. Gau partean, Hala Bedin ditugun euskarazko irratsaioak eta Arrosa saretik hartutakoak emititzen ari gara orain, baina bertan ekoitzitako edukiak sortzen joango gara. Ez hori bakarrik, etorkizunera begira, bigarren emisioan lanean ari gara jada. Bost minutuko piezak egingo ditugu oraingoz: testu motzak, iritzi artikuluak, abestien aurkezpenak eta agendaren errepasoa, besteak beste.

Euskara hutsezkoa izateaz gain, zein beste ezberdintasun izango ditu?

Oraindik ez dago erabat definitua, baina, izaera berezia eman nahi diogu dial berriari. Folklorea eta hezkuntza jorratzea ondo dago, baina, euskarari merezi duen tokia egingo diogu. Gure hizkuntzan edozer egiteko gai gara, eta kalitatea hobetzea denbora kontua da. Dena den, Hala Bedi kolektiboaren betiko izaera eta ikuspuntu kritikoa mantenduko ditugu, egitura asanbleario, autogestionatu eta independentean oinarrituko gara.

Lorpenak nabariak dira, baina dial berria erditzeko izerdiak bota dituzue...
Euskara hutsezko diala sortzea aspaldiko ideia zen gurean, eta lizentzien lehiaketa aitzakia ezin hobea iruditu zitzaigun lanean hasteko. Hasieratik ikusi genuen lehiaketako oinarriek irrati komunitarioak kanpoan uzten zituztela. Gasteizen hamar lizentzia lehiatzen ziren, zazpi gaztelaniazkoak eta hiru euskarazkoak, eta hiru horiek euskarazko irratiek betetzen ez bazituzten, gaztelaniazkoak izatera pasako ziren. Ezin genuen halakorik onartu!

Oztopoak oztopo, aurkeztea erabaki zenuten azkenean.

Noski, euskarazko irrati bat behar eta nahi genuelako, eta lehiaketan sartuta muturrean eman nahi genielako. Izerdi artean, bi dialen lizentziak eskatzeko dokumentazioa batu genuen. Prozesu hartan laguntza handia jaso genuen, eta bihotzez eskertzen dugu!

Esfortzuaren ondotik bertan behera utzi zuten lehiaketa...
Bai, albiste gazi-gozoa izan zen, berez, euskarazko dialaren lizentzia lortu baikenuen. Gobernu aldaketarekin, lehiaketa bertan behera geratu zen eta egindako lan guztia pikutara joan. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, baina argi dugu lizentziarekin edo gabe, bi dialekin aurrera jarraituko dugula.

30 urte bete berri dituzue. Nola bizi izan dituzu urteok maila pertsonalean?

Eboluzio handia bizi izan dut. Txikitatik entzun dut Hala Bedi eta, ondorioz, betidanik izan dut dial honekiko lilura eta jakin-mina. Hala ere, ez nuen inondik inora espero mikrofono aurrean jartzeko kapaza izango nintzenik. Irratira gerturatzeak lotsa eman izan dit beti, baina ustekabez, ateak zabalik aurkitu nituen. Behin tokia, funtzionamendua eta jendea ezagututa, errazagoa egin zitzaidan kolektiboaren barnean egotea. Hala Bedi irrati bat baino askoz ere gehiago da!

Aurrerantzean hedatzen jarraitzea da zuen asmoa. Zein da kolektiboaren erronka nagusia momentu honetan?
Oraingoz, bi dialekin aurrera egiteko erronkarekin nahikoa dugula uste dut. Hamaika gauza egiteko gogoz gabiltza beti, eta aspertzea zer den aspaldi ahaztu zitzaigun. Baina, momentu honetan, gure erronkarik nagusienetako bat euskarazko emisioa dela esan genezake.